Maitane Alberdik Ikasketa Amaierako Kutxa Saria jaso du

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 17a, 20:49
Maitane Alberdi Mendez sariarekin. / Kutxa.

42. edizioko Ikasketa Amaierako Sariak banatu berri ditu Kutxak, eta horien artean, Maitane Alberdi izan da saritua. Hori dela eta, oroigarria eta 500 euroko diru saria eskuratu ditu azkoitiarrak.

Goi mailako ikasketak Gipuzkoako Unibertsitate Zentroetan edota Lanbide Heziketako Zentroetan 2017-2018 ikasturtean amaituriko ikasleentzako antolatutako Ikasketa Amaierako Kutxa Sariak banatu dituzte. Maitane Alberdik Fabrikazio Mekanikoko Diseinua goi mailako heziketa zikloa ikasi du, Elgoibarko IMH Fabrikazio Aurreratuaren Zentroan.

Kutxak 1977an hasi eta urtero banatzen ditu sari horiek. Dagokion arloan espediente akademikorik onena lortzeko ikasleek egindako esfortzua eta lana saritzeko sortuak dira. Aurten, guztira, 103 ikasle (46 emakumezko eta 57 gizonezko) saritu zituzten joan den abenduaren 10ean, Donostiako Tabakaleran:

  • Euskal Herriko Unibertsitateko 21 ikasle
  • Deustoko Unibertsitateko 8 ikasle
  • Mondragon Unibertsitateko 15 ikasle
  • Tecnun, Nafarroako Unibertsitateko 7 ikasle
  • Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiko 2 ikasle
  • IKASLAN sareko Lanbide Heziketako 15 ikastetxetako 31 ikasle
  • HETEL sareko Lanbide Heziketako 9 ikastetxetako 14 ikasle
  • IZEA sareko Lanbide Heziketako 5 ikastetxetako 5 ikasle

Ekitaldian izan ziren Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko sailburua, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria eta Juanjo Alvarez, Nazioarteko Zuzenbide pribatuko katedraduna. Hauekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, Tecnun Nafarroako Unibertsitateko, Musikeneko (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia), Ikaslaneko (Lanbide Hezketako Institutu Publikoen Elkartea), Heteleko (Heziketa Teknikoko Elkartea) eta Izeako (Irakaskuntza Zentruen Elkarte Autonomoa) ordezkariak eta Ainhoa Arruabarrena, Kutxabankeko Gipuzkoako Sareko zuzendaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide