Juan Ramon Alberdik irabazi du VIII. Oihenart Aforismo Lehiaketa

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 17a, 12:01
Juan Ramon Alberdi.

Bigarren urtez jarraian, Oihenart Aforismo Lehiaketan lehen saria irabazi du Juan Ramon Alberdik. Hainbat urtetan jaso ditu bigarren eta hirugarren sariak azkoitiarrak.

Aforismoak modu laburrez azaldutako pentsaerak dira: paragrafo bat edo esaera bat, hitz bat... Ideiak agertarazteko nahikoa den testu osoa, baina motza. Literatura lan motzean, adibide ezberdinak, bai ahozkoak baita idatzizkoak, izan dira historian zehar: kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak, pasadizoak, errefrauak, esaera zaharrak edo pentsamendu gogoetatsu labur-laburrak...

Antolatzaileen arabera, azken urteotan «hazkundea nabarmena» izan dute mota horretako lanek. Gainera, filosofiak eta hezkuntzak bat egiteko aukera eman dezakete aforismoek: «Oso genero literario egokia da saiakerak idazten hasteko, gogamenari berea ematen baitio, idazkerari behar bezalako trataera duina aitortuz».

Aurten hamazazpi lan aurkeztu dira eta edizio arrakastatsutzat jo dute antolatzaileek.

2018ko irabazleen zerrenda:

1. Juan Ramon Alberdi (500 euro)

2. Hasier Agirre Aranburu (300 euro)

3. Mikel Gartziarena San Policarpo (200 euro)

Arnaud Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) euskal poeta, legegizona, historialaria eta politikaria izan zen. Joan Perez de Lazarragarekin batera, ezagutzen den lehen euskal idazle laikoa. Euskaraz, frantsesez eta latinez idatzi zuen. Hori dela eta, HEFA Fakultateak «beharrezkotzat jo» du aforismo lehiaketa antolatzea, bide batez, Oihenart idazlearen erreferentzia intelektuala berreskuratuz eta hedatuz.

Aurreko urteetako irabazleen zerrenda:

2011: David Tijero – Antton Erkizia

2012: Bixente Serrano – Hasier Agirre (ex aequo)

2013: Hasier Agirre – Juan Ramon Alberdi

2014: Maribel Aiertza – Juan Ramon Alberdi

2015: Iñigo Legorburu – Juan Ramón Alberdi

2016: Ekaitz Goikoetxea – Koldo Izagirre – Juan Ramon Alberdi 

2017: Juan Ramon Alberdi – Ekaitz Goikoetxea (ex aequo)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide