Elkarrekin eskualdea eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Iraurgi Berritzenen XVI. Topaketek

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 14a, 14:25
Ordezkariak topaketan. (Argazkia: Udala)

Elkarrekin eskualdea eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, atzo, egindako Iraurgi Berritzenen XVI. Topaketek. Enpresak, ikastetxeak eta udalak bildu ziren urtean zehar garatutako proiektu estrategikoen balorazioa egiteko, esku artean ditugun erronkak aztertzeko eta aurrera begirako lehentasunezko lan-lerro berriak bideratzeko.

«Edozein eraldaketak etorkizuna hausnartzea,iragartzea eta eraikitzea eskatzen du eta horretarako, eragile bakoitzak izan dezakeen esperientzia eta egin dezakeen ekarpena amankomunean ipintzeak ez du parekorik», azaldu zuen Javier Zubizarreta alkateak.

Zubizarretarekin batera zabaldu zuten ekitaldia Eneko Etxeberria eta Josetxo Mendizabal Azpeitiko eta Zestoako alkateek, Ainhoa Aizpuru foru diputatuak eta Iraurgi Berritzenen zuzendari den Begoña Beobidek. Enpresetako eta bailarako eskoletako hogei oordezkari baino gehiago izan zituzten bidelagun.

Kudeaketa kontseiluko kideek elkarlan proiektuak jorratu zituzten. Izan ere, Kontseiluak Hezkuntza Gunea, Enpresa Gunea eta Garapen Gunea biltzen ditu. Kontseilua tarteko, eragileek, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, bailarako errealitate sozio-ekonomikoaren erradiografia azkoz ere zehatzagoa egin dezakete, eta elkarrekin estrategia eta ekintza plan amankomun bat garatu.

Erronketako bat langabeziari aurre egitea dela azpimarratu zuten topaketan. Horretarako, besteak beste, www.urolanprest.eus webgunea jarri zen abian. Orientazio eta enplegu zerbitzuak ere geroz eta eraginkorragoak dira atzo eman zituzten datuen arabera. Udalak langabetu bakoitzari «izen-abizenak» jarri nahi izan zizkion. «Bakoitzaren profil, behar eta aukerak ezagutu, lan merkatura bideratzeko eta horretan aurrerapauso handia eman da», adierazi duten.

Amaitzeko, eraldaketa ekonomikoaren erronkak izan zituzten hizpide. Horretarako, B+I Strategy-ko buru Sabin Azua gonbidatu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide