Jon Unanue 'Goenatxo III.a' Euskadiko Harri Handien Txapelketan lehiatuko da

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 11a, 13:30
Jon Unanue 'Goenatxo III.a'

Jon Unanue Goenatxo III.a Euskadiko Harri Handien Txapelketako finala jokatuko du abenduaren 22an, Asteasun. 

Guztira zazpi harri-jasotzaile lehiatuko dira datorren abenduaren 22an, zapatua, Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan. 22:00etan hasiko da Euskadiko Harri Handien Txapelketa, eta bertan izango da Jon Unanue Alberdi (Azkoitia, 1992) harri-jasotzaile azkoitiarra. Iban Ugartemendia, Imanol Illarramendi Kortaberri, Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Aimar Galarraga eta Julen Diaz lehiatuko dira Asteasun.

Bere osaba zenak eta aitak lortutako bidea jarraitu asmoz plazaratuko da Jon Unanue Asteasun. Jesus Mari Unanue Goenatxo I.a osabak 1982an Gernikan eta 1983an Azpeitian birritan jantzi zuen Euskadiko Harri Handien txapela. Jon Unanueren aitak, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a-k, berriz, 11 aldiz lortu du txapela janztea. 1991. urtean Otxandion lortu zuen lehena eta azkena 2001. urtean Azkoitian. Bitarte horretan urtero jantzi zuen txapela azkoitiarrak.

Aimar Irigoien da Euskadiko Harri Handien Txapelketan Goenatxo II.a estutzen duen bakarra. Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak 9 txapel ditu —Geonatxo II.a-k baino bi gutxiago—, eta hamargarrena lortzen saiatuko da Asteasun. 2014 eta 2015 urteetako txapelduna eta azken bi urteetako azpitxapelduna den Jokin Eizmendi ere plazaratuko da Asteasun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide