Familien saio irekia eta galdeketak, gurasotasun baikorra lantzeko

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 11a, 10:25

Adikzioen Prebentzio Komunitarioari buruzko Udal plana eta Osasun Mahai Komunitarioa sortzeko asmoz, Udalak parte hartze prozesu bat jarri du martxan.

Azkoitiko Udalak parte hartze prozesua irekiko du gurasotasun baikorra landu asmoz. Datozen asteetan hainbat ekintza burutu nahi ditu Udalak, eta herritarren parte hartzea eskatu dute egingo dituzte ekintzetan parte hartzeko. Abenduaren 17an, astelehena, saio irekia egingo du Udalak familiekin Elkargunean, 18:00etan. Joan den urrian, 12 urte arteko seme-alabak dituzten familiek gurasotasun baikorraren galdetegia bete zuten, eta galdetegiaren emaitzak azalduko dituzte. Aurrez eman beharko da izena saioan parte hartzeko. Loturan, 646 339 714 telefono zenbakira deituta edo formacion@dirdira.org helbidera idatzita eman beharko da izena. 

Helduei zuzendutako galdetegi anonimoa ere prestatu du Udalak. Euren iritzia jakiteko, osasuna bultzatzeko eta adikzioen prebentzioan egiten diren ekintzei buruzko galdetegia da. Horrez gain, galdetuko dute kontsumoen, adikzioen eta horien arriskuen inguruan duten hautematea jakiteko. Udalak bere webgunean zabaldu du galdetegia, eta abenduaren 21a izango da galdetegia betetzeko azken eguna. Egin klik galdetegia betetzeko.

Eskoletako 12 eta 16 urte bitarteko gazteekin ere lan saio bat burutzeko nahia azaldu du Udalak. Hainbat heziketa tailerren bidez, Azkoitia biziago eta osasuntsuago bat nola irudikatzen galdetuko diete gazteei. 13 eta 18 urte bitartezko gazteei, berriz, galdetegi bat pasatuko zaie drogen, zorizko jokoen, bideo-jokoen, sare sozialen eta orokorrean kontsumo edo ohitura batzuen arriskuaren pertzepzioari buruz galdetzeko. Galdetegia aninomia izango da eta erantzunak isilpean gordeko dira. Helburua da Adizkioen Prebentzio Plana hobeto gidatzeko gaiari buruzko gazteen pertzepzioa zein den jakitea. Galdetegia abenduan burutuko da eskola orduetan eta Azkoitiko eskolen laguntzarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide