Huntza taldeak kontzertua emango du apirilean

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 10a, 15:15
Huntza taldeko kideak. (Argazkia: Huntza)

Apirilaren 13an, zapatua, emango du taldeak kontzertua, herriko plazan. Xilema kaleratu berri duten diskoa aurkeztuko dute.

Oraindik ordua zehaztu ez badute ere, eguna jarrita dago. 2019ko apirilaren 13an, zapatua, emango du Huntza taldeak kontzertua Azkoitian. Um Blem Ble Azkoitiko tabernariek eta Azkoitiko Udalak elkarlanean antolatu dute kontzertua. Sei gazte gipuzkoarrek osatutako taldea da Huntza. Trikiti, pandero, biolin, baxu, gitarra eta bateria hotsez lehertuko dute Azkoitiko plaza nagusia.

Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Unibertsitate giroan elkartutako sei gaztek osatzen dute eta beraien helburua, sortzen duten musika Euskal Herri osora zabaltzea da. Ostegun iluntzeetako trikipoteo eta 'Eguenero' elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan.

Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkarbanatuz. Taldearen lehen agerpena 2016ko martxoaren 8an izan zen, Harro gaude abestia plazaratuz. Kantan oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omendu zituzten. Harrezkero, Ertzetatik diskoa, Lumak erreprodukzio hedatua eta Xilema azken lana kaleratu dituzte gipuzkoarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide