Azkoitiko doinuak eta letrak 53. Durangoko Azokan

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 7a, 11:20
Dunne taldea izan zen Ahotseneako eszenatokira igo zen lehen talde azkoitiarra.

Azkoitiarren musika doinuak eta letrak 53. Durangoko Liburu eta Disko Azokan entzun eta irakur daitezke. Egile azkoitiarrak Durangoko Azokaren egitarauaren barruan izan dira eta izango dira datozen egunetan.

Dunne musika taldeak abenduaren 5ean, asteazkena, zuzenekoa eman zuen Ahotsenean. Gorka Alcaldek —ahotsa eta gitarra—, Ander Francok —baxua— eta Gorka Francok —bateria— osatzen dute taldea, eta Argi eza izeneko erreprodukzio hedatua aurkeztu zuten. Ikusi EITBk hartutako irudiak.

Zizel musika taldea ere Durangoko Azokan izan zen atzo, osteguna. Base elektronikoak, pianoak eta gitarra akustikoak nahasten dituen estilo industrialeko musika sortu dute Alberto Martinezek eta Mikel Iraetak Serendipia izeneko lehen lanean. Ahotsenean zuzenean aurkeztu zituzten diskoko hainbat abesti eta Han Da Hemen single-a. Ikusi EITBk hartutako irudiak.

Ro taldeak, berriz, Ilhunbean esan-eginak eta Aikor lanak aurkeztu zituzten. Gorka Alcalde Alkate—gitarra—, Josu Usobiaga Uso—bateria—, Iñigo Gonzalez Gontxalo —gitarra— eta Mikel Iraeta —sintetizatzailea/teklatua— azkoitiarrek, eta Iker Amenabar —baxua— azpeitiarrak osatzen dute taldea. Ikusi EITBk Ahotsenean hartutako irudiak.

Durangoko Azokaren eszenatokira igotzen azkena Passepartout taldea izan da. Igandean, Ahotsenean zuzenekoa eman zuten. Itzi Beitiak —teklak—, Jontxu Apek —baxua—, Ruben Lizarraldek —gitarra—, Tomas Lizarazuk —gitarra eta ahotsa— eta Xabi Arrietak —bateria— osatzen dute taldea. PopRock bostkoteak Sinergia diskoaren aurkezpena egin zuen. Ikusi EITBk hartutako irudiak.

Aranbarri eta Suduperen liburuak

Iñigo Aranbarriren eta Pako Suduperen liburuak Durangoko Azokako protagonistak dira. Iñigo Aranbarrik Munduko tokirik ederrena liburuaren inguruan solasaldia eman zuen Ahotsenean atzo, osteguna. Hamar ipuinez osatutako ipuin bilduma bat da azkoitiarraren azken lana; elkarrekin lotuta dauden pertsonaiak, elkarrekin lotuta dauden giroak, espazio bakarrean aurkeztu ditu Aranbarrik. 

Bihar, zapatua, Pako Sudupe Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburuaren inguruan arituko da. 16:30ean hasiko da azkoitiarraren solasaldia, Durangoko Azokaren Areto Nagusian. Sudupek ez du inola ere hagiografia bat egin nahi izan; kritiko aritu da, zorrotz, sarri orain arte argitaratu gabeko dokumentuak erabilita gainera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide