EH Bilduk udal aurrekontuak babesteko proposamenak egin ditu

EH Bilduk udal aurrekontuak babesteko proposamenak egin ditu

EH Bilduk udal aurrekontua babesteko hainbat proposamen egin ditu. Floreagako irisgarritasuna bermatzea, eskualdeko komunikabideen proiektua bultzatzea, berdintasun planeko partida igotzea eta elkarbizitza planean eta ikastetxeetako prebentzio lanean egin ditu zuzenketak koalizioak. Puntu horiek txertatzeko eskatu du EAJk egindako aurrekontu proposamena babesteko.

Floreagako irisgarritasuna bermatzea eskatu dute. «Lehenengo eta bigarren faseen proiektua egiteaz gain, laugarren faseko proiektua gauzatzea, aspaldi egina behar luke eta ikuspegi global batetik herriko irisgarritasun arazoei erantzuten joateko», eskatu dute txertatzeko lehen puntuan.

Bigarren puntuan, eskualdeko komunikabideen proiektua bultzatzea eskatu dute. «Euskara eta gure identitatea bultzatzeko eta zabaltzeko tresna oso eraginkorra dela uste dugu eta proiektuak behar duen bultzada ematea eskatzen dugu beraien eskaera Udalera ekarriz aurrekontuan txertatzeko», azaldu dute. «Beste batzuetan talde batek laguntza puntual bat eskatu duenean eman zaion bezela uste dugu hauek ere behar eta merezi dutela», gehitu dute.

Horiez gain, berdintasunerako partida %1 igotzea, elkarbizitza planean «murrizketarik ez» egitea edota «gutxienez mantentzea», eta ikastetxeetan prebentzioa lantzeko partida «ez murriztea» edota «gutxienez mantentzea» eskatu du EH Bilduk.