«Euskal Herria arlo guztietan euskaldun izan dadin, ezinbesteko lana da itzultzaileona»

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 6a, 09:55
Aitor Arruti eta Gema Lopez, liburutegian.

Gema Lopez (Azkoitia, 1989) eta Aitor Arruti (Urrestilla, 1968) euskara itzultzaileen eguneroko lana da jatorrizko testuak ondo ulertu eta denetariko testuak itzultzea, gaztelaniatik euskarara batez ere. Horrez gain, testuak zuzendu eta kudeatu ere egin behar izaten dituzte. Biek argi dute bokaziozko lana dutela: hizkuntzak maite dituzte, eta betitik garbi zuten horretara bideratu nahi zutela ibilbide profesionala. Maxixatzen aldizkaria ere biek zuzentzen dute borondatez tartean behin.

Non lan egiten duzue?

Gema Lopez: Oraintsu arte etxetik lan egin izan dut itzulpengintzako enpresa batentzat, baina duela aste gutxi batzuetatik IVAPeko IZO Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean hasi naiz, Eusko Jaurlaritzan.

Aitor Arruti: Etxean egiten dut lan, enkarguak etxean jaso eta etxetik bidaliz. Irakasle mundua utzi nuen euskara itzultzaile hasteko, aspalditik bainenbilen itzulpen lanak lanbide bihurtzeko gogoarekin. Horrela, gainera, semearen egunerokoaren zuzeneko ardura neuk hartzeko aukera dut.

Aintzat hartzen al da zuen lana?

G.L: Ezetz esango nuke. Nahiko lan ikusezina da. Ondo itzulita dagoen horri ez diogu erreparatzen; besterik gabe asimilatzen dugu, horrelaxe sortu izan balitz bezala, baina zerbait gaizki itzulita ikusten edo entzuten badugu, aztoratu-edo egiten gara, eta segituan zabaltzen dira argazkiak eta.

A.A: Euskal Herria arlo guztietan euskaldun izan dadin ezinbesteko lana da itzultzaileona, eta ez dut uste horren arabera baloratuta dagoenik.

Nolako baldintzetan daude oro har euskara itzultzaileak?

G.L: Gehienak autonomo aritzen dira, bai euskara itzultzaileak bai beste hizkuntzetakoak, eta betikoa gertatzen da hor: bezeroak ahalik eta prezio merkeenean –eta ahal den azkarrena– jaso nahi izaten ditu testuak, eta, ondorioz, itzultzaileak behartuta daude prezio merkeetan lan egitera. Eta, jakina, itzulpenak ere hala moduzkoak izaten dira gero.

Zein hizkuntza da euskarara itzultzeko zailena?

A.A: Izatez, hizkuntza bat ez da bestea baino zailagoa edo errazagoa, zeuk dakizunaren arabera izaten da hori. Gure kasuan, testuaren ezaugarriek gehiago markatzen dute zailtasuna, betiere baldin eta erabili beharreko hizkuntzak txukun ezagutzen badituzu.

Euskaraz gain, beharrezkoa al da beste hizkuntzak menperatzea?

G.L: Dudarik gabe, beharrezkoa da sorburuko hizkuntza menperatzea jatorrizko testua ulertzeko. Hala ere, inportanteena xede hizkuntza menperatzea da nire ustez; jatorrizkoa nola edo hala uler dezakezu, edo testua egin duenari galdetu zer esan nahi duen, baina zeure hizkuntza ondo ez badakizu, nekez egingo duzu testu txukunik.

Lan konplexurik egin al duzue?

G.L: Konplexuena eta era berean diferenteena, ikus-entzunezko itzulpengintza beharbada. ETBrako marrazki bizidunak, telesailak eta halakoak itzultzen ibilia naiz, eta hori beste mundu bat da. Ahozko hizkera itzuli behar duzu modu natural batean, hartzaileei arrotz egin ez dakien eta aldi berean jatorrizkoari eutsiz. Marrazki bizidunetan esaterako, hitz joko mordoa egoten da eta hizkera oso kolokiala da; buruari eman eta sormena erabili behar duzu.

Zein da harro sentiarazten zaituzten itzulpen lana?

A.A: Itzulitako hizkuntzan berezkoa dirudiena, itzulita dagoenik igartzen ez dena. Hori lortuz gero, gustura.

Kalitatezko itzulpenak egiteko zer behar du itzultzaile batek?

G.L: Itzuliko duen hizkuntzan jantzita egotea. Ez da nahikoa hizkuntzaren arauak jakitea; horrez gain, idazten jakin behar da, esaldiaren orekari eusten, hizkuntzaren baliabideak aprobetxatzen.

A.A: Itzultzeko erabiliko duzun hizkuntza zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta kalitate hobea izango du itzulpenak.

Itzultzeko asko al dago?

G.L: Gure kasuan asko dago itzultzeko, bi hizkuntza ofizial dauzkagulako eta ofiziala den guztia bietan eman behar delako. Horretaz aparte, sortu ere askoz gehiago egiten da erdaraz. Hori euskarara itzultzen dugunon mesederako da, baina penagarria da egia esan; alderantziz beharko luke.

Zer itzuli nahiko zenukete gustura?

G.L: Literatur itzulpenik ez dut sekula egin; gustura probatuko nuke neure burua horrelako lanen batean.

A.A: Gogoko dudan lan literarioren bat, halakoren batean modua egokituko balitz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide