Gurutz Larrañaga sailburuorde ohia 'De Miguel auziko' akusaziotik kanpo utzi du Eusko Jaurlaritzak

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 4a, 12:20
Gurutz Larrañaga.

Gurutz Larrañaga (Azkoitia, 1947) De Miguel auziko akusaziotik kanpo utzi du Eusko Jaurlaritzaren Javier Otaola abokatuak. Fiskalaren txanda amaituta iritsi da Jaurlaritzaren txanda, eta adierazi du azkoitiarra «uste onaren iruzurraren biktima» izan zela.

Behin betiko ondorio eta zigor eskaerak aurkeztu dituzte azken egunetan De Miguel auzian akusazioa osatzen dutenek. Fiskalaren txanda amaituta, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatuek aurkeztu dituzte euren txostenak, eta denek ikusi dituzte «delitu zantzuak». Bat egin du fiskalaren tesiekin, eta akusatuei dirua bueltatzeko eskatu die. 

Gurutz Larrañaga, ordea, akusazio horretatik kanpo utzi du behin betiko ondorioetan Eusko Jaurlaritzako Javier Otaola abokatuak, «uste onaren iruzurraren biktima» izan zela argudiatuta. Larrañagaren akusazioan ez dator bat Arabako Fiskaltzak egindako tesiarekin Otaola abokatua. Fiskaltzak hasierako zigor eskaera guztiak murriztu zizkion Larrañagari, eta hamar urteko inhabilitazioa eskatu zuen azkoitiarrarentzat «prebarikazio jarraitua» egin izana leporatuta. Eusko Jaurlaritzako abokatuak, ordea, akusaziotik kanpo utzi du.

Larrañaga De Miguel auziko inputatuen artean jarri zuten urte hasieran. Francisco Javier Sanchez Robles sasoi hartako Gazteria eta Jardun Komunitarioko Sailaren zuzendariaren jarduna kontrolatu ez zuelakoan, Fiskalak hasieran 17 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Larrañagarentzat. 2003ko uztailetik 2009ko maiatzera izan zen azkoitiarra Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuko kultura sailburuordea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide