'Maxixatzen.eus' ataria berritu da, mugikorrei begira

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 3a, 19:56
'Maxixatzen.eus' atariak bertsio berriarekin mugikorretik duen itxura.

Maxixatzen.eus atariaren bertsio berria estreinatu da, gailu mugikorrei lehentasuna emateko asmoz. Mugikor bidezko nabigazioa nabarmen hazten ari da, eta, batez ere, horrek hartu du pisua webgune berriaren egitura eta diseinua erabakitzerakoan.

 

Interneten nabigatzeko modua aldatu egin da. Maxixatzen.eus-eko irakurleen % 64,80 mugikor bidez sartzen dira, eta joera goranzkoa da. Horregatik, aurreko diseinuetan ez bezala, oraingoa smartphoneetarako pentsatu da, eta hortik abiatuta egokitu da ordenagailu eta tableta formatuetara. Ordenagailuko bistan, esaterako, orain arteko zutabe erako antolaketa ordezkatu egin dute. Diseinua horizontalagoa da; izan ere, azala ezkerretik eskuinera doazen bloke bidez egituratzen da.

Berrikuntzekin hasierako orriaren pisua arindu nahi izan da, karga denborak azkarragoak izan daitezen. Mugikorrak kontsumo denborak murriztea ekartzen du; erabiltzaileek azkartasuna bilatzen dute; horregatik, begiratu batean informazio gehiago erakusten da orain; hala, irakurleak, interesatzen zaizkien gaiak azalean identifikatu ostean, albiste horietara sartu daitezen. Irudiek indar handiagoa hartzen dute eta testu gutxiago dago azalean. Bestalde, bideoak ez dira hasierako orrian kargatuko; albistearen orrialdean erreproduzituko dira. Horri esker, azalaren karga arintzea lortzen da. Argazki galeriek ere interes handia pizten dute, eta horiek erakusteko modua ere aldatu egin dute, bildumak erosoago ikusteko.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide