Euskararen Eguna giro bustiarekin ospatu dute ehunka gaztetxok

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 3a, 13:08

Euskararen Eguna ospatu dute ehunka ikaslek gaur herriko plazan. 11:30ean udaletxeko balkoitik suziria bota dute, eta segidan, eskoletako gaztetxoak plazara gerturatu dira, Ahobizi irudiak paparrean itsatsita.

Bertan, Javier Zubizarreta alkateak harrera egin die balkoitik eta euskararen aldeko pankarta zintzilikatu dute. Zubizarretak hau esan du udaletxeko balkoitik: «Eman diezaizkiogun euskarari arnasa eta hegoak urteko 365 egunetan. Euskarak behar gaitu eta guk euskara behar dugu. Astindu mingaina euskaraz».

Ondoren, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko LH eta DBHko ikasleen irakurraldia izan da oholtzan. Ekitaldiaren hasieran euria hasi badu ere, normaltasunez ospatu da ekimena.

Arratsaldean ospakizunak jarraitu egingo du. 18:30ean, plazan, Euskaraldiaren amaiera ekitaldia izango da. Azkoitiko Euskara Mahaiak herritarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu. Bertan, besteak beste, Euskaraldiaren amaierarako prestaturiko manifestua irakurriko dute Azkoitiko hamaikakoa osatzen duten bi lagunek. Bertaratzen diren Ahobizi eta Belarriprest guztiekin argazkia ere aterako da. Azkoitian 2.096 lagun inguruk hartu dute parte Euskaraldian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide