'Etxeko saltsak' antzezlana taularatuko dute zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 29a, 14:00
Vazquez, Agirre eta Laskurain goizean Udalean.

Datorren zapatuan, abenduak 1, Etxeko saltsak antzezlana ikusteko aukera izango da, Baztartxo Antzokian. 19:30ean hasiko da endreduzko komedia korapilatsua. Ikusleek pertsonaiek baino informazio gehiago izango dute eta aktoreak dantzan ibiliko dira gaizki-ulertuen etengabeko kate dibertigarrian. Sarrerak antzezlana baino ordubete lehenago eskuratu ahalko dira Baztartxoko leihatilan, 8 euroren truke.

 

Sonia Vazquez kultura zinegotziak eman die ongietorria Xabier Agirre Txalo Produkzioko kideari eta Mikel Laskurain aktoreari. «Ez da lehen aldia Azkoitian ditugula, eta espero dugu azkena ere ez izatea», hasi da Vazquez. «Horixe espero dugu», erantzun du Laskurain aktoreak. Antzerkiari bultzada eman nahian, antzerki saioen ordutegia aurreratu zuen Udalak, eta «19:30ean jarrita jende asko ari da animatzen», jakinarazi du zinegotziak. 

Xabier Agirrek Txalo Produkzioko kideak hartu dio hitza ondoren Vazquezi. «Azkoitia gure plaza maitatuetako bat da», hasi da. Aspalditik etortzen direla aitortu du, eta aurrerantzean ere horrela jarraitzeko nahia adierazi du. Ordutegia aurreratzea «mesedegarria» izan dela uste du, «gaueko emanaldiak beheruntz» doazela esan baitu, oro har, leku guztietan. 

Etxeko Saltsak antzezlana aurkeztu du gero Agirrek. Duela urte eta erdi estreinatu zuen Txalo Produkzioak zapatuan Azkoitian taularatuko duten lana. Emanaldi asko ari dira egiten, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Gaztelerazko bertsioan ere egiten dute Etxeko saltsak antzezlana. «Duela gutxi Madrilen izan gara eta oso estimatua izan da; asko gustatu zaie», nabarmendu du Agirrek.

Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Aitziber Garmendia eta Aitor Fernandino arituko dira aktore lanetan, zapatuan. «Bi bikoteren arteko saltsak antzeztuko dituzte; obra oso entretenigarria da», gehitu du. 80-90 minutuko iraupena izango du lanak. «Antzerkia oso-oso ondo idatzita dago; pertsonaiek jasotzen ez duten informazioa jasotzen du publikoak», adierazi du, azkenik, Agirrek. «Trikimailu hori oso ondo idatzia du idazleak», azpimarratu du Txalo Produkzioko kideak.

Mikel Laskurainek, bere aldetik, antzezlanaren xehetasun nagusiak eman ditu. «Korapilo komedia bat da Etxeko saltsak antzezlana. Guk, aktoreok, ondo pasatzen dugu lanean, sekulako harreman ona dugu», ekin dio azalpenari Laskurainek. Amodio gaia landuko dute antzerkian, aktoreak bata bestearekin katigatuko dira.

Komedia «barregarria» dela azaldu du gero. «Publikoak protagonistek baino informazio gehiago izango du; hori da ikuskizunak funtzionatzeko gakoetako bat», nabarmendu du Bergarako aktoreak. Mikel Laskurain Ane Gabarainen senarra da antzezlanean, eta Aitziber Garmendiaren maitalea. «Aitor Fernandino Aitziber Garmendiaren mutil laguna da antzerkian, baina inozo samarra da, eta besteok horretaz baliatuko gara», esan du, amaitzeko, Laskurainek. Lana «poliki» hasten dela aitortu du, eta pixkanaka gora joango dela aitortu du, «eromena» sortu arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide