'Ondo goaz, hobetu dezagun' kanpaina, hondakinen gaikako bilketaz gehiago sentsibilizatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 27a, 20:19
Edukiontzi marroira, organikora, bota beharreko zaborra.

Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarlanean Ondo goaz, hobetu dezagun sentsibilizazio kanpaina abiatuko dute, hondakinen gaikako bilketan «aurrerapausoak ematen jarraitzeko», azaldu du Udalak.

 

«Udalaren nahia beti izan da egunetik egunera gaikako datuak igotzen joatea, horrek erakusten baitu herritarrak egiten ari diren ahalegina. Eta ez da ahalegin makala. Aitzitik, Udalarentzat benetan txalotzekoa, zoriontzekoa eta eskertzekoa da ahalegina», dio Udalak.

Udalak herritarrak «bide beretik jarraitzera» animatu ditu eta, «ahal den heinean, zuzendu beharrekoa zuzentzera». Hori horrela, kanpainaren baitan eskuorriak banatuko dira etxeetan, bandoak ipiniko dira bebarruetan eta informazio puntua jarriko dute egun jakin batzuetan, plazan.

Oraingo kanpaina, batik bat, organikoari zuzenduta dago. Izan ere, Udalak dio herritarren akatsetako bat organikoa poltsa biodegradagarrietan bota beharrean edukiontzira, edozein plastikozko poltsatan botatzea dela. Gainera, herrian doan eskura daitezke poltsa biodegradagarriak ondorengo establezimenduetan: Odazpi kafetegia (Anaitasuna plaza,1), Elurre kafetegia (Julio Urkixo 20), Lujan kioskoa (Kale Nagusia 72) eta Amalur bideoak (Julio Urkixo 13). 

Bestalde, tarteka hildako animalia, larru, tripa edo lumak agertzen dira organikoaren edukiontzian, eta «hori ez da zuzena». Hildako animalien kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da jasotzeaz 943 15 76 83 zenbakira deituta. Eta aipatutako beste hondakinak edukiontzi grisera bota behar dira.

Informazio gunea

Hondakinen gaikako bilketaren inguruan herritarrek izan ditzaketen galderak edo zalantzak argitzeko, informazio gunea ipiniko da azaroaren 29an, arratsaldean, eta abenduaren 1ean,15ean eta 22an, goizean, plazan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide