Esku Bidez taldeak 7.281,26 euro bildu ditu, Salvamento Maritimo Humanitario elkarteari emateko

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 23a, 17:56
Esku Bidez elkarteko kideak: Miren Guembe, Koro Epelde, Aitor Macho, Nerea Machado eta Daniel Valera.

Esku Bidez taldeak herritarrei eskerrak eman dizkie, joan den azaroaren 9an eta 10ean antolatu zituzten ekintzetan jasotako erantzunagatik. «Zeharo harritu gaitu jendearen harrerak, eta horrek erantzutera bultzatu gaitu», azaldu dute gaur arratsaldean emandako prentsaurrekoan.

 

«Asmo onenarekin eta ilusioz» prestatutako ekitaldiak izan direla gaineratu dute Esku Bidez taldeko kideek. Duela hilabete batzuk hasi ziren elkartzen Esku Bidez taldeko bost kide, eta argi zutela diote «bidegabekeriak eta zentzugabekeriak sufriarazten, baztertzen eta hiltzen uzten dituen pertsonak laguntzeko» zerbait egin nahi zutela. «Ez genekien nola, baina denborak eta Salvamento Maritimo Humanitario elkartearekin izandako harremanak» lagundu dietela esan dute helburuei forma ematen. «Esku Bidezen asmoa, berez, ez da hainbeste gauzak eta ekintzak antolatzea, baizik eta zenbait egoeren aurrean, jendea gogoetara bultzatzea eta sentsibilizatzea», diote. «Barneratuta daukagu egoera okerrenean dauden pertsonen ardura gainerakoona ere badela. Eta, horren aurrean, konponbidea izan daitezke beste guztion laguntza eta patu hori aldatzeko ahalegina», nabarmendu dute.


Bestalde, joan den azaroaren 9an eta 10ean Zuk dokumentala eta Izaroren kontzertua antolatu zituen taldeak. «Ahalegina» eskatu die taldekideei horren antolakuntzak, baina etekinak ere sortu dituzte.

 

Aurreikuspenak hautsita

Prestatutako ekintzak aurrera emateak 6298,5 euroko gastu izan du. Halere, diru sarrerak egon dira: guztira, 13.579,26 euro bildu dituzte. Balantzea eginda, beraz, 7.281,26 euro bildu dituzte Salvamento Maritimo Humanitario elkarteari emateko, haien Aita Mari itsasontziaren proiektuan laguntzeko.

Prentsaurrekoan, bidelagun izan dituzten hainbat denda, enpresa eta entitate aipatu dituzte: Aliur Andueza moda, Asa, Astigarraga kit line, Azkoitiko Udal Bizkargi musika eskola, Danobat, Elkargunea, Elosukorta, Fk, kopistegia, Graphics, Grieta, Gurutze Gorria, Hazia, Karan, ÑamÑam, Orbela, Rural kutxa Azkoitia, Satreria Aldalur, Trukebai, Ufito eta Uhaitz.

Eta Esku Bidez taldearen etorkizunari buruz e mintzatu dira. Antolatutako ekintzen emaitza ikusita, «garbi» ikusten dute talde bezala jarraitu nahi dutela. «Gure helburuak zehaztu behar ditugu, beti giza eskubideen inguruan. Bizi izandakoaren ondoren, lehenesten dugu errefuxiatuen gaia, hala ere, ez ditugu baztertzen behar berezia edo premia duten beste arlo batzuetako egoerak. Hori bai, ekintza horietan, gertuko elkarte eta erakundeekin ikusten dugu gure burua elkarlanean», azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide