Azaroaren 25aren inguruko Adierazpen Instituzionala kaleratu du Udalak

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 23a, 13:53

Azaroaren 25aren bueltan, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna, Azkoitiko Udaleko EAJ/PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek ondorengo Adierazpen Instituzionala onartu dute, Eudelen testuarekin bat eginez:

 

 

AZAROAREN 25erako ADIERAZPEN INSTITUZIONALA  

“EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

Biktimen erreparazioak emakumeei ahotsa ematea eskatzen du

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, nazioarteko marko juridikoarekin bat, berriz azpimarratu behar dugu badagoela loturarik genero-arrazoiengatiko bazterkeria eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean, azken hori emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat bezala ulerturik.

Testuinguru honetan, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea. Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea. Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten da, zikindua, are isilarazia. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna eransten zaio; bitartean, justifikatu egiten dira erasotzaileak.

Tokiko Erakundeetatik gure egin behar dugu gizarte bat eraikitzean daukagun ardura sozial eta politikoa, gizarte horrek biktimen egiarako eskubidea bermatuko badu. BERDINSAREAtik, Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen saretik, indarkeria matxistaren aurrean udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari gara, nola-eta Istanbuleko Hitzarmenaren markoa egokituz eta biktimen erreparaziorako toki-praktikak garatuz.

Ezinbestekoa da ematea ahotsa emakumeei, autoritatea beraien lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari.  Horrek esan nahi du indarkeriaz beharturiko emakumeen hitza aintzatetsi beharra dagoela, haien askatasuna berrezarri, hartara bizirik atera den pertsonatzat har daitezen eta beren komunitateetan eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten. 

 

Horretarako, Udalek ondokoak gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu:

 

  • Zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik.
  • Bizirik atera diren emakumeak entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko, emakumeei bizirauten eta babesten balio dieten aurre-emate estrategiak balioan jarriz.
  • Emakumeen ondoan egon, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriari buruzko beraien errelatoa sortzeraino, ulertzen baita indarkeria hori menderapen- eta kontrol-mekanismoa dela, gizarte-sistema patriarkalean eraikia.
  • Ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak), hartara bizirik irtendako emakumeek indarkeria horri buruzko errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak zein erreparazioa aldarrika ditzaten.
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko.
  • Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta errelatoak jakinarazteko jardunaldiak; gazteekiko sentsibilizazio-tailerrak, e.a.
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide