Euskaraldia

Jasone Bilbao: «Azkoitiak frogatzen du Euskal Herrian euskaraz bizi daitekeela»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 25a, 09:55
Jasone Bilbao, Udaleko euskara teknikaria.

2003an hasi zen euskara teknikari Azkoitiko Udalean Jasone Bilbao Atutxa (Eibar, 1967). Hizkuntzen pedagogoa da formazioz, eta Eibarko ‘Eta Kitto!’ euskara elkartearen sorrerako kideetako bat da. Eibarko euskara elkartean aritu zen urte luzez lanean. Horrek guztiak gaur egun dagoen lekuan egoten lagundu diola sinetsita, hamabost urte bete ditu aurten Azkoitiko Udalean. Bere lanari buruz eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldiari buruz aritu da solasean eibartarra.

 

Euskara teknikari batek zertan jarduten du egunero Udalean?

Ni herritarren beharrak, interesak eta gogoak ahal den neurrian betetzeko Udalean dagoen bitartekaria naiz. Herritarrentzat, herri langile bat naiz. Nire egitekoa Azkoitian euskara ahalik eta gehiena bultzatzea da. Nire helburua da egunen batean ni eta ni bezala gainerako beste euskara teknikariak langabeziara joatea. Horrek esan nahi du egun horretan ez dela gure beharrik egongo, Euskal Herria euskararen herria izango delako eta gure egoera normala izango delako. Madrilen eta Leonen ez dago gaztelania teknikaririk, beharrik ez dagoelako. Nire ametsa da egun horretan Euskal Herrian ere horretara iristea.

Zein da euskara teknikari baten filosofia?

Gogoz eta ilusioz lan egiteaz gain, edozein lanbide izanda ere, sinetsi egin behar duzu egiten duzun horretan. Azkoitian euskararen erabilera eta ezagutza handitzeko aletxoa jartzean datza nire lana. Bakarrik ez dut ezer asko lortuko. Kontuan hartuta Udaletik ez garela bakarrik ari lan horretan, denok batera jardunda, bide hori errazago egingo dugu eta egiten dugunak oihartzun handiagoa izango du.

Zein egoeratan dago euskara Azkoitian?

Euskara teknikariak existitzen gara, euskararen egoera anormala delako. Egoera normala da euskararen herrian euskara nagusi egotea. Egoera hori desberdina da lekuaren arabera. Duela 50 bat urte nahita egindako industrializazioak eragin desberdina izan du. Argi izan behar da garai batean Azkoitiak ez zituela komunikabide errazak inguruarekin. Horrek guztiak ere lagundu egin du dugun egoera izaten. Euskal Herriko gainerako herriekin alderatuta, egoera pribilegiatua dugu Azkoitian. Azkoitiak frogatzen du Euskal Herrian euskaraz bizi daitekeela. Neurri handi batean aukera dugu egun guztian euskaraz bizitzeko: denda batera joaten zara, kafe bat hartzera joaten zara, haurrekin parkera joaten zara, igerira edo futbolera, eta ikusten duzu zure eguneroko bizitza hori euskaraz egin dezakezula. Kilometro asko ez dira egin behar hori bestelako egoera bat dela frogatzeko. Ez dugu behar den moduan baloratzen Azkoitian dugun altxorra; besteentzako erreferentzia bat da Azkoitia. Euskararen erabilera ere handia da, eta gehien erabiltzen dutenak haurrak eta gazteak direla ikusi da. Horrek esan nahi du etorkizuna ere, printzipioz, euskaraz izango dela. Herrian dugun egoera ez da leku askotan ikusten, eta baloratu eta zaindu egin behar dugu. Gauzak galtzen direnean baloratzen direla esaten da; bada, ea oraingo moduan jarraitzen dugun eta ez garen inoiz iristen balorazio egoera horretara.

Euskararen kale erabileraren azken neurketek diote erabilerak gora egin duela. Datu horiek espero zenituen?

Sekulako ezustekoa hartu genuen; harrituta gelditu ginen. Hasteko, Soziolinguista Klusterrera deitu genuen, ea jasotako datuak benetan Azkoitikoak ziren edo beste herri batekin nahastu zituzten jakiteko. Bagenekien zein zen kalean datuak biltzen ibili ziren lagunen iritzia; gaztelania askoz gehiago entzungo zela uste zuten. Hori entzunda, duela lau urteko datuak errepikatzearekin konformatzen ginen. Soziolinguistika Klusterrera deituta baieztatu ziguten geure datuak zirela eta horrez gain 24 orduko neurketa zela eta 11.000 lagun zenbatu zituztela; Azkoitiko herriak ere gutxi gorabehera biztanle kopuru hori du. Ikerketa sakona eta sendoa zela azpimarratu ziguten, eta horrek lasaitu egin gintuen. Benetan pozgarria da gazteen eta umeen artean euskararen erabilera handitu egin dela jakitea. Udalak eta euskararen inguruan lan egiten ari diren eragileek beren esparruetan egindako lana fruituak ematen ari da.

 

«HIZKUNTZA BAT ERABILTZEKO IKASTEN DA, ETA, ERABILI EZEAN, GALDU EDO HERDOILDU EGITEN DA»

 

Euskarak zein erronka eta lan ildo izan behar ditu?

Lan mundua eta euskarazko produktuen kontsumoa dira gure erronkak. Lan munduarekin hasita, enpresaz enpresa diru laguntzen berri ematen dugu, eta badakigu ahozko euskara asko erabiltzen dela Azkoitiko lantegietan. Produkzio idatzian, ordea, egin beharreko urratsak daudela esango nuke. Pauso horiek eman diren moduan, enpresa pribatuetan ere emango dira. Gazteak zahartu ahala, lantegietan euskara idatziaren presentzia gero eta handiagoa izango da.

Euskarazko produktuen kontsumoa da beste erronka. Jende gutxik kontsumitzen dugu egunkaria, telebista edota Internet euskara hutsean. Kontuan hartu behar da produktu horiek nolakoak diren; produktu horiek badute hobetu beharra. Euskal Telebistak planteatu beharra du bere filosofia. Erdarazko kateak, ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak nahi adina ditugu gaur egun, eta euskaraz bakarra dugu Euskal Herri osorako. Une honetan ETB2ri ez diot inolako zentzurik ikusten. Zergatik? Gaztelaniazko telebisten eskaintza oso zabala delako. ETBk egitekoak, helburuak, funtzioak eta erakargarritasuna birplanteatu beharko lituzke, euskararen normalizazioan eduki dezakeen eragina eta indarra aintzat hartuta. Euskarazko produktuen kontsumoa bultzatu beharra dago.

Euskararen kaleko erabilerak izan duen gorakadaren ondoren, politika ausartagoa egiteko garaia iritsi da?

Politika ausartagoak behar dira, bai. Politika munduan dabilen jendeak gaur egun daukana baino konpromiso sendoagoa hartu behar du euskararekin. Euskararen etorkizuna oraindik kolokan dago herri asko eta askotan; hori azaltzen dute ikerketek. Denok bat egin behar dugu, eta lehentasunak ezarri. Dirua inbertitu behar da, eta hori ez da zaila. Euskaraz bizitzeko helburua izan beharko genuke. Neurriak jarri eta erabakiak hartu behar dira hori errealitate bihurtzeko. Lan faraonikoak egitea normaltasun osoz hartzen da; aldiz, kulturan, euskaran, ongizatean edo berdintasunean dirua inbertitzea gastu bezala ikusten da; kulturalki erakutsi diguten zerbait da, baina filosofia hori aldatu beharra dago.

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko asmoz dator Euskaraldia.

Beste herri batzuetan Euskaraldiaren beharra izan dute euskararen inguruan lan egiten duten kolektibo guztiak batzeko, eta Azkoitian 2013tik ari gara hori egiten. Azken bost urteetan, beste gauza batzuen artean, Euskararen Eguna antolatu izan dugu. Esparru batean lanean ari garen guztiok koordinatuta eta elkarren berri izanda jarraitu behar dugu lanean. Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den ariketa bat eta bakarra da. Alde horretatik positiboa da, beti elkarri muturka ibili beharrean oraingo honetan batera goazela ematen duelako. Euskaraldiaren filosofiarekin ere bat nator; gaur egun, euskararen ulermena ia-ia unibertsala da, eta jauzia emateko aukera eman behar zaie ulermen maila duten guztiei, baina horrek ez du esan nahi goizetik gauera euskaraz hitz egiten hasiko direnik. Poliki-poliki, euren portaerarekin euskaldunoi euskaraz gehiago hitz egiteko aukera emango digute, nahiz eta gero beraiek erdaraz erantzun.

Azkoitia bezalako herri euskaldunetan zer-nolako eragina izan dezake Euskaraldiak?

Gaur egun erdaraz diren harremanak euskalduntzen lagundu dezake. Erakusten dugu gure egunerokoan euskaraz bizi gaitezkeela, eta kontsekuenteak izan behar dugu herrian egiten dugunarekin eta herritik kanpo egiten dugunarekin. Pentsatu behar dugu Donostiara edo Bilbora joaten garenean nola egiten dugun lehen hitza bertakoekin. Euskaraldia barne hausnarketa bat da. Nik eguneroko jardunean euskaraz zer egiten dudan eta erdaraz zer egiten dudan jabetzeko ariketa izan behar du. Eta galdetu behar diogu geure buruari erdaraz hitz egiten dugun horretan zer den euskaraz egiteko modukoa, ez bakarrik 11 egun horietan, baizik eta urteko 365 egunetan. Helburu izan behar dugu Euskaraldiko txapa jartzen dugun momentu horretan aldatzen dugun ohitura, 11 egun horiek pasatutakoan ere, aurrera eramatea. Oso presente izan behar dugu aurreko bagoian goazela eta atzeko bagoian doana kasu askotan guri begira dagoela.

 

«EUSKARA TEKNIKARIAK EXISTITZEN GARA, EUSKARAREN EGOERA ANORMALA DELAKO»

 

Ahobiziak eta Belarriprestak behar dira. Zein figura da funtsezkoa, Euskaraldiak funtzionatu behar badu?

Euskararentzat denak gara funtsezkoak. Euskaldunok euskara erabili behar dugu, ahalik eta gehiena, eta gutxiengo ulermen maila duen jendeari ere aukera eman behar zaio. Pazientzia asko izan behar dugu Ahobiziok Belarriprestekin, eta askori aitortu behar zaie urteetan euskara ikasteko egin duten ahalegina eta esfortzu ekonomikoa, euskara ikastea ez baita doan. Figura biak dira garrantzitsuak niretzat. Kontuan hartu behar dugu eta ez ahaztu: hizkuntza bat erabiltzeko ikasten da, eta, erabili ezean, galdu edo herdoildu egiten da. Ez dut pentsatzen daukaguna galtzeko gaudenik, baizik eta gaudena hobetzeko. Horretarako aukera bat da Euskaraldia.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Ona izan arren, oraindik kolokan. Kanpotik eraso handia dator, gero eta handiagoa. Produktu erakargarriak egiten dituzte gazteentzat eta umeentzat, eta Euskal Herrian ez gara iritsi horretara oraindik. Kontzientziazio lan handia dugu egiteko. Eskoletan eta euskaltegietan orain arte azpimarratu eta erakutsi dena gramatika eta zuzentasuna izan da. Ez dut esaten hori beharrezkoa ez denik, baina hizkuntzaren beste adar batzuk ere erakutsi behar dira: identitatea, sentimendua eta garrantzia erakutsi behar dira, eta zer-nolako egoera duen eta zergatik den horrelakoa azaldu behar da. Zuzentasuna bai, baina hori bezain garrantzitsua da hizkuntzaren gainerako arloak lantzea. Euskara erakustea ez da gramatikarekin lotu behar; esperientzia positibo, baikor eta alaiekin lotu behar da. Horretan oraindik bide luzea dugu egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide