Euskaraldia

Euskara Mahaia, euskararen normalizazioan eragiten

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 22a, 16:00
Euskara Mahaiko kideak.

Euskaraldia ekimenaren barruan, 11 egunez azkoitiarrak euskaraz aritzea da ariketa. Kale, auzo, familia, kuadrilla, denda eta lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Jauzi handi bat emango dute guztien artean, euskaraz bizitzeko. Eta, erronka lortzeko, herritarren laguntza behar da. Lan horretan ari dira azken hilabeteetan Azkoitiko Euskara Mahaiko kideak: herritarrak izena ematera animatzeko aktibatzen.

 

Euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak egin dira azken bizpahiru hamarkadetan. Euskal Herriko eremu zabal batean herritar gehienak dira euskara ulertzeko gai, eta hori aldaketa handia da atzera begiratzen bada. Baina erabili, ez da proportzio berean erabiltzen. Are gehiago, azken urteotan ez da aurrera egin, eta kezkatzeko datuak ere bistaratu dira. Ezagutzatik erabilerarako pausoa egiteko garaia dela diote adituek, eta behar horri erantzuteko antolatu da urte amaierarako Euskaraldia: azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten dakitenak eta ulertzeko gai direnak aktibatu nahi dituen egitasmoa. Euskal Herri osoan gauzatuko da, herriz herri antolatutako lantaldeek bultzatuta. Azkoitian, Euskara Mahaiak hartu du horren ardura.

Euskara Mahaiko kideak euskararen presentzia eta erabilera bultzatuko duten ekintzak antolatzen aritzen dira urte osoan. Dozena bat lagunek osatzen dute lantaldea, zeinetan talde hauen ordezkaritzak biltzen baitira: Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Salestar Ikastetxea, Bizilore Eskola Aktiboa, Azkoitia BHI, Izarraitz Lanbide Heziketa, Azkoitiko AEK, Azkoitiko Udala, Azkoitiko Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea.

Lander Mujika, Euskara Mahaiko Bizilore Eskola Aktiboko ordezkaria, buru-belarri dabil Euskaraldiaren antolakuntzan: «Momentu honetan, izena emateko kanpainarekin gabiltza, Euskaraldian ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten. Horretarako, Euskaraldiari buruzko informazioa ematen ari gara: euskaraldia zer den, zer helburu dituen eta Azkoitian ekimena nola egingo den azaltzen», esan du.


Izen ematea, zabalik

Internet bidez euskaraldia.eus webgunean eman daiteke Euskaraldirako izena, eta, bestela, herrian zehar dauden postontzi berezietan. Hainbat lekutan daude: Elkargunean, liburutegian, erretiratuen elkartean, herriko ikastetxe guztietan, udaletxean, anbulatorioan, odol emaileetan, eta herriko denda eta taberna batzuetan, besteak beste. Izena eman ondoren txapak jasotzeko egunak ere jakinarazi dituzte atolatzaileek: azaroaren 19tik 23ra bitarte jasoko dira, Torrezurin.

Txapa hori jendaurrean hartuko den konpromiso sozialaren adierazgarria da. Txapa lortzeko, ez da eskatzen euskararen alde egitea, euskara erabiltzea baizik. Hortaz, Ahobizi eta Belarriprest jokaerak ondo transmititu behar dira. Ahobiziek ezin dute gaztelaniaz hitz egin Belarriprestekin; euskarari eutsi behar diote, Belarriprestei euskaraz egiteko behar naturala sortzeko. Hizkuntza aldaketa egiteko metodologia hori imitazio sozialean oinarritzen da. Hau da, umeek helduek egiten dutena egiten dute; horregatik, helduen hizkuntza jokaeran eragitea da erronka.

Aitziber Juaristi Euskara Mahaiko Izarraitz Lanbide Heziketako ordezkariak azaldu duenez, astero zenbatuko dira izen emateak, eta, ondoren, Torrezuriko erakustokian jarritako markagailuan agertuko da zenbat pertsonak eman duten izena Euskaraldian.

Azkoitiarrak aktibatzea erraza al den galdetuta, Juaristi ez dago hain baikor, gazteekin bereziki: «Herri parte hartzailea garela esango nuke edo uste horretan nintzen, baina batzuetan zeharo harrituta gelditzen naiz ikasle batzuekin, nahiko pasotak direla edo gauza batzuekin interes handirik ez dutela agertzen baitute». Mujikak, berriz, bestelako ikuspegi bat du: «Azkoitiarrok orain arte beti erakutsi dugu ekimenerako gaitasuna. Korrikan eta Euskararen Eguneko ekintzetan bezala, argi geratu da euskararekin lotutako ekintzetan erraz aktibatzen garela».

Euskara Mahaia, beharrezkoa

Euskara Mahaiko kideak normalean hilean behin elkartzen dira. Aurten, ordea, Korrika, Euskararen Eguna eta Euskaraldia direla eta, hamabostean behin ari dira elkartzen.

Herrian Euskara Mahaia izatea behar-beharrezkoa dela uste dute Mujikak eta Juaristik. «Euskara Mahaiak herri guztietan egon beharko luke, tokian tokiko helburuekin, baina helburu orokor berarekin: euskararen normalizazioa», dio Mujikak. «Hala da; nahiz eta Azkoitian euskararen erabilera handia dela esan, oraindik ere geratzen dira sektore edo arlo batzuk non euskaren presentzia txikia den. Gainera, herri bezala zerbait antolatu behar bada, oso egokia da eragile ezberdinak mahai berean egotea, ekintzak zehaztu ahal izateko», gaineratu du Juaristik.

Kale neurketan, gorakada

Euskararen kaleko erabileraren neurketak «emaitza onak» utzi ditu, eta taldean egin duten balorazioa «positiboa» izan da. Neurri batean, emaitzek «harritu» ere egin dituzte taldekideak, «beti entzuten delako azken urteotan erabilera gutxitu egin dela». Emaitza horiek baieztatzen dute «norabide onean ari garela lanean, bakoitza berean eta elkarlanean». «Beraz, esan dezakegu Azkoitiko euskararen egoera ona edo oso ona dela», azpimarratu du Mujikak.

Datuen artean, gazteen arteko euskararen «erabilera altua» aipatu nahi izan du Mujikak. «Izan ere, inguruko beste herri askotan nerabeek ohitura handia dute erdarara jotzeko, eta, zorionez, gure herriko nerabeek euskara darabilte euren harremanetarako».

Juaristi ere «pozik» agertu da neurketek erakutsitako datuekin: «Nahiko beldur bagenuen emaitzak ikusi aurretik, beheranzko joera izango zuelakoan baikeunden, baina ustekabe polita jaso genuen, Azkoitian erabilera 7,6 puntu inguru igo dela ikusita. Pozik egoteko arrazoiak baditugu. Hala ere, ezin dugu lorik hartu, zeren orain dela 30 urte baino okerrago gaude oraindik». Dena dela, beste herri batzuekin konparatuta, herriko euskararen egoera «ona» dela uste du Juaristik. Euskararen erabilera orokorra ia %69 da, eta «pozgarriena» da gazteek erabiltzen dutela gehien: ia %85ek. Beraz, iruditzen zaio euskararen egoera garai batean «kezkagarria» zela baina gaur egun «lasaiagoa» dela.

Euskaraldiaren ondoren, zer?

Mujikak eta Juaristik argi dute Euskaraldiaren ondoren euskaraz hitz egiten jarraitu behar dela. «Espero dugu Euskaraldiak ohitura bat edo beste aldatzea pertsona batzuen artean, eta horren ondorioz erabilera gero eta handiagoa izatea. Azken finean ez da 11 eguneko gauza bat, baizik eta 365 egunetan egin beharrekoa», nabarmendu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide