Zizel taldea bigarren, Banden Lehia txapelketako finalean

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 19a, 08:55
Zizel taldea.

Banden Lehia musika txapelketaren finalean parte hartu zuen Azkoitiko Zizel bandak, joan den zapatuan. Guztira lau talde zeuden finalerako sailkatuta, eta bigarren sailkatu ziren azkoitiarrak. Sari horri esker, bideoklip profesional bat grabatzeko aukera izango dute eta, baita, horren postprodukzio lanetarako ere. 

Txapelketan hamalau taldek parte hartu zuten, eta lau banda sailkatu ziren finalera: Zizel, Belatz, Nau eta Dekot. Aukeratutako lau talde horiek zuzeneko kontzertuak eskaini zituzten Bilborock aretoan (Bilbo). Azkenean, Belatz taldeak irabazi zuen txapelketa, eta bigarren sailkatu zen Zizel. 

Euskal musika sustatzea helburu duen lehiaketa da Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia txapelketa. Musika talde amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Hamargarren edizio honetan aniztasuna izan dela nagusi adierazi dute antolatzaileek, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide