Bingen Zupiria: «Euskal sorkuntzak bizi izan duen momenturik interesgarri eta oparoenean gaude»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 16a, 10:38

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, Elkargunean. 'Euskal kulturaren biharra' izenburupean, euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna izan zituen hizpide Zupiriak, besteak beste. Oteiza aretoa jendez goraino bete zen. 

 

Ostegun On taldeak, Egi Azkoitiak eta Gazte Geroa Azkoitiak Udazkeneko Hitzaldien baitan antolatutako solasaldia izan zen. Ikusi hitzaldiaren laburpena, bideoan:

 

Zupiria kazetaria da formazioz eta Filosofian eta Letretan lizentziatua. 22 urterekin ETBn kazetari gisa hasi zen lanean. 1983-1989 urteetan, eguneroko albistegietako editore lanak egin zituen ETB1eko Gaur Egun eta ETB2ko Teleberri albistegietarako. 

1989 eta 1999 bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prentsa eta Komunikazio zuzendaria edo arduraduna izan zen, eta Andoni Ortuzarren eskutik EITBko zuzendaria izatera pasatu zen 2008an. 2012. urtetik 2016. urtera Deia egunkariko zuzendaria izan zen. Duela bi urte izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu.

 

Alkatearen eta sailburuaren bilera udaletxean

Aurrez, Javier Zubizarreta alkateak udaletxean hartu zuen Bingen Zupiria sailburua. Bileran Zupiriaren sailari dagozkion lan esparruen baitako hainbat gai izan zituzten hizpide. Besteak beste, Munoandi Burdin Aroko herri harresituaren musealizazio proiektuaren bideragarritasuna edota euskarazko komunikabideen finantzazioa jorratu zituzten. Halaber, tartea izan zuten Azkoitiko kaleetan euskararen presentziak izan duen igoera nabarmentzeko edo Euskaraldiak hizkuntz ohituretan eta hiztunen sentsibilizazioan izan dezakeen eraginaz hitz egiteko.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide