Abenduaren 2an jokatuko da XXIII. San Andres Xake Txapelketa

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 12a, 12:10
Jose Luis Fernandez eta Angel Martin zinegotzia.

XXIII. San Andres Xake Txapelketa abenduaren 2an jokatuko da, Elkargunean. 10:00etan hasiko da txapelketa, eta bost minutuko hamar txanda jokatuko dituzte txapelketan arituko diren xake jokalariek. Anaitasuna Kakute Xake Taldeko Jose Luis Fernandezek Angel Martin zinegotziarekin aurkeztu du txapelketa.

 

Iaz 113 jokalarik hartu zuten parte txapelketan eta Anaitasuna Kakute Xake Taldeko Fernandez lehendakariak aurten «parte hartze handiagoa» espero du, «egindako lanak eta lortutako babesak parte hartzaileak asetuko» dituela uste baitute. 200 parte hartzaile baino gehiago hartzeko prest daudela adierazi dute taldetik.

50 sari baino gehiago banatuko dituzte. Irabazleentzako sariez gain, txanda bakoitzaren tartean sariak zozkatuko dituzte. «Txapelketa aporposa da xake zaleentzat», Anaitasuna Kakute Xake Taldeko lehendakariaren arabera. «Sari ugari eta onak banatuko ditugu, Elkarguneko aretoa jokatzeko aproposa da, izen emate merkea da eta giroa ezin hobea izango da», azaldu du aurkezpenean Fernandezek. «Zer gehiago eskatu dezakegu?», galdetu du lehendakariak. «Guztiek dituzte aukerak, hori da txapelketaren arrakasta», gehitu du ondoren Fernandezek. 

Izen ematea

Izen ematea «goraka doa» egunek aurrera egin ahala. Anaitasuna Kakuteko kideek uste dute izen ematea azken astean egingo dutela parte hartuko duten jokalari gehienek. Azaroaren 30ean 20:00etan itxiko da izena emateko epea. Horretarako Xake Taldeak duen webgunean eman beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide