Azoka solidarioa eta kale antzerkia, Garapenean Bidelagun ekimenaren baitan

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 9a, 13:13
Garapenean Bidelagun ekimenean parte hartuko duten ordezkariak.

Gobernuz kanpoko zortzi erakundek parte hartuko dute aurtengo Garapenean Bidelagun ekimenean. Aurreko urteetan bezala, azoka solidarioa egingo da, eta, horrez gain, kale antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da.

 

Garapenean Bidelagun ekimenaren baitan, aurreko urteetan bezala, azoka solidarioa izango da azaroaren 25ean Herriko Plazan. Aurten, gainera, datozen bi asteetako ostegunetan, pintxo-pote garaian, kale antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da. Hilaren 15ean, Larrialditan kale antzerkia eskainiko da eta 22an, Welcome! poesia bisuala oinarri duen lan ibiltaria.

Halaber, Baztartxo Antzokian kale antzerkiaren izenburu bera daraman Welcome filma botako dute, kurdu iraniar gazte batek Ingalaterrara iristeko pasatu behar dituen tirabirei buruzkoa. Azaroaren 18an, 19:30ean eta 19an, 20:00etan, izango da filma hori ikusteko aukera.

Asteburu honetan, berriz, Esku Bidez taldearen eskutik, Izaroren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Salvamento Marítimo Humanitario SMHri laguntzeko antolatu diren ekintzen artean. Gainera, gaur bertan Zuk dokumentala botako dute Elkargunean.

Azkoitiko Udalak atzo aurkeztu zuen Garapenean Bidelagun ekimenaren egitaraua talde ezberdinetako ordezkariekin batera. Talde hauek parte hartuko dute aurtengo azokan: Gazteak eta Garapena, Behar Bidasoa, Esku Bidez, Lumaltik, The Direct Help, Mundu Solidarioa Helburu, Bidezko Merkataritza eta Acoes taldeek. Prentsaurrekora gerturatu ziren Iñaki Lizaso (Behar Bidasoa), Nerea Machado (Esku Bidez), Pello Larrañaga (The Direct Help) eta Juan Inazio Sudupe (Gazteak eta Garapena) ordezkariak, eta talde bakoitzean egiten duten lanaren berri eman zuten.

Nerea Machadok azaldu zuenez, «Aita Marik ez du Espainiako gobernuaren baimenik oraindik mediterrraneora heldu ahal izateko eta han hil ala biziko egoeran dauden pertsonak erreskatatzeko». Pasaian jarraitzen du itsasontziak. «Gobernuak sei hilabeteko epea du baimena emateko, baina bitartean pertsonak hiltzen ari dira. Estatuko administrazioaren isiltasunaren aurrean, aste honetan hasi da sinadura bilketa gobernuari presioa egiteko. Esku Bidez taldea berriki sortu da mediterraneoan migratzaileek bizi duten egoeraren inguruan sentsibilizazio lan bat egiteko. «Zazpi guraso bildu ginen herriari jakinarazteko pertsona pila bat sufritzen dagoela».

Pello Larrañagaren The Direct Help erakundeak Katmanduko (Nepal) 18. auzoan duten Kumari Ghar harrera etxeari laguntzen dio. «Batik bat emakumeekin eta umeekin egiten da lan. Gizonik gabe geratu direnekin edo umezurtzekin. Eskola, janaria, arropa eta sendagaiak ematen zaizkie. Emakumeei josten ere erakusten zaie eta bizitzeko lain ozta-ozta lortzen dute. Esan didate hemengo laguntzari esker, labea erosi dutela eta joaten naizenean ogia jateko moduan izango naizela».

Gazteak eta Garapena fundazioak, berriz, bereziki arlo hauek jorratzen ditu Juan Inazio Suduperen esanetan: sentsibilizazioa, boluntariotza eta garapenerako heziketa. Gainera, hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar: solidaritate lasterketa, solidaritate pintxoa eta janari bilketa, besteak beste. Beninera bideratu izan dute orain arte lortutako Azkoitiko Udalaren eta herriaren laguntza, eta azken urteotan Ekuadorrera ere bideratu dute laguntza, «bertako emakume nekazariak ahalduntzeko».

Azkenik, Behar Bidasoa erakundearen ordezkari Iñaki Lizasok azaldu zuen Azkoitin bildutako laguntza Ruandako Kabuga hirira bideratzen dutela. «Hango bizi baldintzak oso kaskarrak dira. Batez ere, emakumeekin, pertsona nagusiekin, gaixoekin eta umeekin egiten dugu lan. Senarra kartzelan edo hiesarekin duten emakumeak, esaterako, asko ikusten dira». Etxetxoak egiten dituzte laguntzeko. Horrez gain, ospitaleak, jangelak, kooperatibak… hainbat proiektu dituzte, «gutxienez umeek egunean behin jan dezaten». Azkoitiko Udalaren laguntzari esker 20 etxetxo eraiki dituztela gaineratu zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide