Udane Juaristi: «Herritarrentzako opari bat dira horma irudiak»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 7a, 12:07
Udane Juaristi.

Azkenaldian kanpoko festibaletan ibili da margotzen Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) artista, eta «gogoa» zuen herrian zerbait egiteko. Udaletxera joan zen proposamenarekin, eta Berdura Plazako horma eskaini zioten. «Ideia polita» iruditu zitzaion artistari bertan margotzea, «bizia emateko lekuari». Horma irudiaren bitartez, baserritar emakumeei omenaldi bat egitea da Juaristiren helburua. Atzo, asteartea, hasi zen margotzen, eta ostiralerako bukatuta egongo da. 

 

«Betidanik gustatu izan zait bertako egitea buruan dudan ideia, alegia, nolabait erlazionatuta egotea horma irudia lekuarekin. Horregatik, Azkoitiko zerbait nahi nuen egin, eta, bide batez, Berdura Plazarekin lotura izatea horma irudiak. Horretarako, liburu batean nire birramona Kandida Azkarate Askasuaren argazki zahar bat bilatu nuen, eta zati horrekin konposizio bat egin nuen. Ideia polita iruditu zitzaidan. Uzin baserrikoa zen nire birramona zena», azaldu du Juaristik.

Horma irudiaren bitartez, omenaldi bat egin nahi die Juaristik baserritarrei, eta, batez ere, emakumeei, «beti bigarren plano batean egon izan direlako»: «Isilpeko lan hori lehen planora atera eta emakumea protagonista izatea nahi nuen», azpimarratu du Juaristik.

Teknika aldetik, berriz, dena pintatuta egingo du, zehazki, pintura plastikoarekin. Teknika mistoa —erretratuak eta pintura nahastuta— erabilita egin izan ditu orain arteko lan gehienak, baina azkenaldian gero eta gehiago ari da akrilikoarekin bakarrik margotzen.

Azkoitian lau bat artelan ditu eginda Juaristik, baina azken hau da aurrenekoa leku publiko batean egin duena. Lanaren izenburua oraindik ez du pentsatu, baina aurrerago jarriko diola azaldu du artistak. Jendeak Berdura Plazan lanean ikusten duenean  galderak egiten dizkiola esan du, eta «harrera ona» ari dela izaten gaineratu du.

 

10 bat urte, margoaren bueltan

Azkenaldian, hainbat horma irudi egin ditu, besteak beste: Irunen, Donostian, Bartzelonan, Madrilen, Baionan eta Lekunberrin. Bartzelonakoa izan da orain arte egindako handiena: 10 metro zituen zabaleran eta 5 metro altueran.

Muralista gisa izena hartzen ari da Juaristi: «Sare sozialetatik pila bat zabaltzen dira lanak, eta ateak irekitzeko balio dit», dio. «Azkenaldian pertsonak eta arropak ari naiz batez ere lantzen. Pintatzerakoan jokoa ematen didalako. Garaiaren arabera aldatzen joaten naiz hori, inspirazioaren arabera. Askotan, argazki zaharren eta oraingoan arteko kontrastea bilatzen saiatzen naiz. Kasu honetan bezala. Betiere, koloreak txuri beltzarekin nahastuta», azaldu du.

Hamar bat urte dira Arte Ederrak bukatu zituela Juaristi, eta ordutik hari da artearen munduan lanean.

Joaquin Sorolla da bere erreferente nagusia, koloreagatik, argiagatik, pintzelkada eta solteengatik, besteak beste.

«Geroz eta gehiago ari dira festibalak eta horrelako iniziatibak indarra hartzen. Garrantzitsua da», dio Juaristik. «Pareta zahar mordo bat dago herrian. Herritarrentzako opari bat da azkenean. Dena positiboa duela iruditzen zait horrelako lan batek».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide