Himalaiako 6.801 metroko mendia igo dute Joseba Larrañaga eta Iñaki Arakistain mendizaleek

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 6a, 21:23
Joseba Larrañaga, Mikel Nabalza eta Iñaki Arakistain mendizaleak.

Joseba Larrañaga eta Iñaki Arakistain mendizale azkoitiarrek Himalaiako Rolwaling haraneko (Nepal) Drangnag-Ri mendia igo dute. 6.801 metroko piramide formako mendia da, haitzez, elurrez eta izotzez inguratua. Gainera, mendiaren ibilbide berri bat ireki dute, zehazki, hego-mendebaldeko ertza. 'Bizipenak' izena jarri diote ibilbideari.

 

Joseba Larrañaga mendizaleak xehetasunekin kontatu dio Maxixatzeni Himalaiako mendian irailaren 25etik urriaren 28ra bizitako esperientzia:

"Mikel Zabalza iruindarraren ideia izan zen Drangnag-Ri mendia igotzea, eta hortik hasi zen guztia. Izan ere, iaz mendi horretan ibilita zegoen Zabalza. Asko gustatu zitzaion, eta hara itzultzeko gogoz gelditu zen. Gerora, Zabalzarekin topo egin zuen Iñakik eta biok eskalatzen ari ginela, eta hortik hasi zen plana.

40 bat egunerako aurreikusitako bidaia zen. Lehendabizi Katmandun (Nepal) gestioak egin genituen agentzi baten bidez. Zabalzak bazuen kudeaketa horren berri, eta alde horretatik nahiko eroso ibili ginen. Sei lagun garraiatzaile hartu genituen trekking egiteko. Behin hori eginda, autobusez hamabi orduko bidaia egin eta 1.000 metro ingurutik hasten den ibilbideari ekin genion trekking eginez.

 

"Oso mendi handiak dira. Burua asko okertu behar da mendiak ikusi ahal izateko"

 

Lau bat egunetan, etapaz etapa, mendi-aterpeetan lo eginez iritsi ginen 4.200 metro inguruko Na herrira. Garraiatzaileek bizkarrean 35 bat kilo eraman zizkiguten, eta eskerrak haiei. Haiek gabe jai dago. Kanpamentu nagusia, beraz, herri horretan bertan genuen, eta erosoa zen bertan jan eta lo lasai egiteko. Handik irteerak mendian gora egiten genituen. Mendien garaierak sekulako inpresioa egiten du; oso mendi handiak dira. Burua asko okertu behar da mendiak ikusi ahal izateko.

 

 

Behin herrian traste guztiak utzita, gorputza hango baldintzetara egokitzeko hamar bat egun hartu genituen. Mendian poliki-poliki ibiltzen hasi ginen, hango girora gorputza moldatzeko. Egun batean 4.800 metrora igo ginen. Han kanpina laga eta behera jaitsi ginen berriz. Beste egun batean, berriz, lo egin genuen 4.800 metrotan, eta berriz behera jaitsi ginen. Horrela, pixkanaka gorputza aklimatatzen joan ginen. 4.800etik gora joanda, glaziar azpian, 5.100 inguruan, kanpamentu aurreratu bat utzi genuen tresneriarekin prest. Han beste lo bat egin genuen, eta berriz behera jaitsi ginen. Guztiz aklimatatzeko, behean pare bat egunez atseden hartu ondoren gora igo ginen, lau bat egunerako.

Bailaran barrenean zegoen izenik gabeko 6.000ko mendia igo genuen lehendabizi. Izenik ez zuenez, ez dakigu aurrez norbait igota al zegoen. Mendi erraza zen, glaziarra zeharkatuta igotzen zena. 5.800eko altueran lo egin genuen, eta han nahiko lan izaten genuen lotarako. Arnas estua eta buruko mina antzematen zen altueragatik. Lau bat egunen ondoren, berriro behera jaitsi ginen. Lanak eginda utzi genituen goian. Trasteak ere glaziarraren ertzean utzi genituen, hurrengo mendira joateko.

 

 

Behin hori eginda, behean hiru egun egon ginen atseden hartzen. Goian geundenean, mendian zenbat elur zegoen ikusteko ere aprobetxatu genuen. Eta konturatu ginen mendia igotzeko aurreikusita genuen hego-ekialdeko ibilbidea lehorra zegoela, eta horregatik, hego-mendebaldeko bidetik elur gehiagorekin igotzea erabaki genuen Drangnag-Ri mendira. Aurrez handik inor igo gabeko bidea zen hura. Oso bide segurua zen, baina, aldi berean, oso luzea. Gu egon garen bailara horri Rolwaling edo Gaurishankar Valley deitzen diote. Hortik Khumbu bailarara pasabidea dago, trekking eginez. Khumbu bailara Everesteko kanpamentu nagusira lotzen den trekking egiteko bailara da. Ez da batere ezaguna, baina pixkanaka gero eta jende gehiago hasi da bertan trekking egiten. Orduan, gu beheko herrian geundenean, beti etortzen zen mendizaleren bat, eta haiekin berriketan egin eta kartetan jolasten genuen. Oso herri lasaia zen; atseden hartzeko toki ederra.

Behin 6.000ko menditik jaitsi ginenean, hiru egunean atseden hartu eta pila bat jan genuen, indarberritzeko. Oso ondo zaindu gintuzten. Bestalde, bertako gidari bat eramatera behartuta gaude han, eta oso harreman ona egin genuen harekin.

 

"5.800eko altueran lo egin genuen, eta han nahiko lan izaten genuen lotarako. Arnas estua eta buruko mina antzematen zen altueragatik"

 

Horrela, hurrengo bost eguneratarako trasteak prestatu genituen, eta mendian gora abiatu ginen. Lehenengo egunean hamalau bat kilometro egin genituen; 5.000 metroan utzita genuen kanpinera joan ginen eta han lo egin genuen. Bigarren egunean, berriz, eskalatzen hasi ginen: glaziarretik barrena, sokak eta pioletak erabilita. 300 metroko paretatxo bat izotzetan eskalatzen hasi ginen, mendiaren ertza harrapatu arte. Horrela, 5.700ean kokatu genuen gaua pasatzeko genuen kanpina.

Zortea eduki genuen eguraldiarekin espedizio osoan. Urdin-urdin zegoen dena. Hala ere, goian haizearekin fresko egiten zuen: 5.700 metrotan, kanpin barruan, 15 gradu azpitik egoten zen.

Behin lo eginda, bigarren eguna egunik luzeena eta eskalatzen zailtasun gehiena eduki genituena izan zen. Garaiera horretan eskalatzea asko kostatzen da. Eguna argitu zuenean abiatu ginen, eta 6.400 ingurura iristean gelditu ginen, hamar bat orduko eskalada eta gero. Nekatuta geunden, eta ahal genuen moduan lo egin genuen kobazulo baten barruan.

 

"Kanpinera iritsi ginenean konturatu ginen han gordeta genuen janaria animalia batek kendu zigula. Sekulako disgustua hartu genuen" 

 

Goiean goiz, berriro ekin genion bideari. Ordurako zailena eginda genuela uste bagenuen ere, beste lau luze izotzetan eskalatzea egokitu zitzaigun, tontorrera iritsi aurretik. Horrela, 6.600 metrora iritsi ginen. Hor mendiaren zailtasunak bukatzen dira. Oinez 200 bat metro egin genituen. Baina haizeak gogor jo zigun. 50 kilometro orduko zebilen haizea, eta bukaerarako dezente hoztu ginen. Horregatik, denbora gutxi egon ginen tontorrean. Hori bai, bistak ikusi genituen, tartean, Everest mendia. Eta handik segituan behera jaisten hasi ginen.

 

 

Bide berdinetik jaistea erabaki genuen, bidea ezagutzen genuelako. Baina jaitsiera zaila eta luzea izan zen. Bi etapetan egin genuen. Azkenean, glaziar hasieran 5.000 metrotan utzita genuen kanpamentu nagusira iritsi ginen. Txikituta ailegatu ginen, neka-neka eginda eta gosetuta. Ordea, kanpinera iritsi ginenean konturatu ginen han gordeta genuen janaria animalia batek kendu zigula. Sekulako disgustua hartu genuen. Afaldu eta gosaldu gabe, traste guztiak bizkarrean hartu, bakoitzak 20 bat kilo, eta karakolen moduan herriraino jaitsi ginen, 4.200era arte. Ondorengo hiru egunetan jan eta lo egin genuen, gorputza indarberritzeko eta egindako igoeraren esperientziaz gozatzeko. 

  

"Familia ikusteko gogo handiarekin etorri ginen. Izan ere, horrelako bidaietan beti uzten zaie kezka puntu bat etxekoei"

 
 

Bost bat egun sobran genituen oraindik. Baina mendiaz asetuta geunden eta helburua beteta. Beraz, erabaki genuen Katmandu hiriburura jaistea. Han bi egun pasatu genituen, eta handik hegazkina hartu eta etxera itzuli ginen. Joan gustura egin ginen, baina etxera ere gustura itzuli ginen, bost asteren ondoren. Familia ikusteko gogo handiarekin etorri ginen. Izan ere, horrelako bidaietan beti uzten zaie kezka puntu bat etxekoei. Hala ere, telefono satelite bidez etxera deitzen genuen astean behin. Azkenean, behin etxera itzulita, denok gustura gelditu gara".

 

Beheko argazkian, marra gorriz ikusten den ibilbidea da azkoitiarrek egindakoa:

 

Lehenengo aldiz parte hartu du Joseba Larrañagak horrelako espedizio batean; Iñaki Arakistainek, berriz, bigarren aldiz egin du. Biak "oso gustura" gelditu dira bizitakoarekin. Mikel Zabalza iruindarrak 37.a zuen. "Zabalzak esan digunez, Himalaian egin duen bidaiarik politenetarikoa izan da gurekin egin duena. Gu, berriz, oso gustura itzuli gara, taldeko giro bikainarekin, mendi paregabeak ikusita", azaldu du Larrañagak. Haiekin batera joan zen, baita ere, Alberto Fernandez elgoibartar mendi gidaria. Haren bigarren aldia izan da Nepalen.

Aurrenekoz, beste ibilbide batetik, Chris Boningtonek eskalatu zuen Drangnag-Ri mendia 1995ean, eta haren ondoren igo zen gailurrera Bruce Normand, 2005ean. 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide