Josu Arroitajauregiren argazki bilduma ikusgai, Torre Zurin

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 31a, 21:29

Josu Arroitajauregi zenaren argazkiak "Azkoitiko estanpak 1950-1968" erakusketan daude ikusgai egunotan, Torre Zurin. Argazkiek duela 50 urte inguruko Azkoitiko eta azkoitiarren bizimodua erakusten dute. Gaurko irekiera ekitaldian parte hartu dute Javier Zubizarreta alkateak, Imanol Mujika Udaleko artxibozainak eta digitalizazio lanez arduratu den Jose Valderrey argazkilariak.

Josu Arroitajauregi Alberdi (1923-2007), argazkilaria afizioz eta ofizioz. Aita Daniel ere argazkilaria zuen eta hark piztuko zion zaletasuna eta irakatsi ofizioa. Lan eskerga egindakoa urte luzez, 40tik gora, joan zen mendeko 50eko hamarkadaren hasiera aldetik (1962tik aurrera bere izenean, aurretik aitarenean) 1990 urte inguruan erretiroa hartu zuen arte. Ez dira asko izango haren kamara aurrean jarri ez ziren edo Plaza Berrin arreba Zorionek eta biek zuten etxebizitza-estudiotik urte haietan pasatu ez ziren azkoitiarrak. Ezkontzak, hiletak, jaunartzeak, agirietakoak, familiakoak, mota guztietako ekitaldiak... Guzti horren lekuko da gaur egun Udal Artxiboan gordetzen den eta egunotan Torre Zuriko erakusketaren iturri den argazki negatibo bilduma. 

Hain zuzen ere 1997an erosi zion Azkoitiko Udalak, Juan Bautista Mendizabalen ekimenez, negatibo bilduma, herriaren ondare bihurtuz. Hori horrela, eta urtetan artxiboan bertan armairu batean beren jatorrizko kaxa eta bilgarrietan gorderik egon ondoren, duela bizpahiru urte ekin zitzaion udal artxibotik, Jose Valderrey argazkilari eta ikerlariarekin elkarlanean, Azkoitiko Udaleko Kultura sailaren eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Artxibo Historikoaren bidez ematen dituen laguntzak baliatuta, bilduma edo fondoa antolatzeko lanari. Bilduma beraren tamaina ikusita (200 bat mila negatibo), patxadaz eta denboraz egitea erabaki zuten lana. Lehen neurriak, beraz, fondoaren kontserbazio egokia bermatzera bideratu ziren. Geroago bildumaren deskribapena, lehen kata eta positibatzeak eta zabalkundea egin zituzten. "Edozein bildumak, eta gehiago herriarena izanda, zabalkundea izan behar du bere helburuen artean, eta horregatik antolatu dugu erakusketa hau", azaldu dute antolatzaileek. "Oraindik lan asko dago egiteko, ordea; erakusketa hau bizpahiru urtetan egindakoaren berri emateko da", gaineratu dute. 

Erakusketa 1950. urteko bildumako irudirik zaharrenarekin abiatzen da kronologikoki, eta 1968. urtekoarekin amaitzen da. Duela 50-70 urteko Azkoitia erakusten da irudietan. "Gutxirenak dira hain zaharrak, beirazko plaketan egindakoak. Horregatik, litekeena da Josuren aita Danielek egindakoak izatea zenbait argazki", azaldu dute. Gehientsuenak, ordea, 60. hamarkadakoak dira, Josuk egindakoak. Irudiak gaika antolatu badituzte ere, nahasian agertzen dira antzeko arrazoiak dituztenak, baina denboran garaikide ez direnak: hiletak, kirolak, lana, paisaiak, jendea eta erretratuak, gertakariak, etab. Hori dela eta, aukeraketa egin behar izan dute: "Ez da erraza izan, baina bai maitasunez eta errespetuz eginikoa. Herritarrek esango dute egokia izan ote den edo ez", esan dute argazkien arduradunek. 

Torre Zuri erakustokiaren ordutegia

Ostegunetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute erakustokia. Larunbatean goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Igandean, berriz, goizez bakarrik zabalduko dute, 12:00etatik 14:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide