Zizel taldea Banden Lehia lehiaketako finalisten artean

Babestutako albistea 2018ko urr. 30a, 13:40

Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa bukaerara iritsi da. Hamalau taldek eman dute izena, eta lau finalistak aukeratu dituzte. Horien artean dago Azkoitiko Zizel taldea, 181 punturekin. Finala azaroaren 17an izango da.

 

Epaimahaiak hautatutako gainerako bi taldeak hauek dira: Maruri-Jatabeko Dekot eta Donibane-Lezoko Nau. Eta publikoak, 8.820 botorekin, laugarrena aukeratu du: BELATZ taldea.

Euskal musika sustatzea helburu duen lehiaketa da Banden Lehia. Musika talde amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Hamargarren edizio honetan aniztasuna izan dela nagusi adierazi dute antolatzaileek, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena. Eta estiloari erreparatuz, askotarikoa izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika estiloa: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya…

Finala azaroaren 17an, Bilborocken

Banden Lehia 2018ko finala azaroaren 17an izango Bilborocken, 17:30ean hasita. Aukeratutako lau taldeek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, eta bukaeran irabazlearen berri emango dute.

Taldeek publikoaren laguntza behar izango dute, berriro ere, beraien aldeko botoak eskuratzeko. Era berean, epaimahaikideak ere han izango dira kontzertuak bertatik bertara jarraitzen.

Finala publikora zabalik izango da, eta lau talde finalistaz gain Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeek kontzertua eskainiko dute, doan.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide