Anjel Larrañagaren ‘Lana festa bihurtuz’ liburua eta diskoa aurkeztu dituzte

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 26a, 13:35
Aurkezpenean elkartu diren ordezkariak, Urrategin. (Argazkiak: Maxixatzen)

Anjel Larrañaga Sudupe (Azkoitia, 1947) bertsolari eta pandero jotzaile azkoitiarraren liburua eta diskoa aurkeztu dituzte goizean, Urrategi auzoko elkartean. Anjel Larrañaga, Joxean Agirre idazlea eta Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzailea izan dira aurkezpen ekitaldian, bertso eta trikiti munduko beste hainbat aurpegi ezagunekin batera.

 

«Orain arte egindako lanak merezi izan du hauxe ikusteagatik bakarrik; portatu zarete eta eskerrik asko denoi», hasi da Anjel Larrañaga. «Eskerrak Lanku elkarteari eta bereziki Marta Agirrezabalari, zuen laguntza gabe liburua ez litzatekeelako gaur aurkeztu ere egingo», esan du, jarraian, Larrañagak. Bere liburua idatzi duen Joxean Agirreri ere eskerrak eman dizkio Larrañagak.

«Azken urteetan lana nola borobildu galdetzen nion neure buruari. Garaiak asko aldatuta daude, eta diskoak ez dira lehen bezala argitaratzen», adierazi du protagonistak. «Doinu eta letra batzuk nituen gordeta azken diskorako, eta zerbait berria sortzen nuenean beti pilatu egiten nituen», gehitu du panderoari bertsoz laguntzen dion Larrañagak.

Liburuak, lau zati

Horrela sortu da Joxean Agirrek idatzitako Anjel Larrañagaren Lana festa bihurtuz liburua. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek eta Eusko Jaurlaritzak lagundu dute liburua eta diskoa argitaratzen. Lau zatitan banatu du liburua idazleak. Lehen zatian, testuingurua markatzeko Andoni Egañari eta Anjel Valdesi egindako elkarrizketak ageri dira. Larrañagak kanturako edo dantzarako bertsoak egiteko dituen teknikak azaltzen ditu Egaña bertsolariak. Valdesek, berriz, Kupela fenomenoa nola sortu zen aztertu du.

Liburuaren bigarren zatian, bestalde, Anjel Larrañagaren bizipenak kontatu ditu idazleak. Mendizabal baserrian jaio zen Larrañaga, eta bertako giroa jaso dute liburuan. «Ipuinetako etxe sorginduen magia du Mendizabal baserriak», hasi da Joxean Agirre idazlea. «Aitak ahoko soinua jotzen zuen, aitaren anaiak trikitia, bere bi anaiek dultzaina, eta amak eta izebak bertso zaharrak eta berriak abesten zituzten», jakinarazi du Agirre idazleak. «Anjelek bertso eta pandero bidetik irten beharra zuen», nabarmendu du segidan. Haurtzaroko, etxeko eta bizitzako eszenak ageri dira liburuan, bertso eta trikiti munduko egoerez gain.

Liburuaren hirugarren zatian, berriz, ingurukoen iritziak jaso dituzte. Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Tomas Soraluze Epelde eta Xabier Alberdi Zabale dira liburuko iritzi emaileak, Larrañagaren trikiti mundua ulertzeko ezinbesteko trikitilariak. Agurtzane Elustondo Anjel Larrañagaren Andoni semearekin aurkeztu zen 1991. urteko Euskal Herriko Trikiti Txapelketara. Urte hartako finalistak Ezkerretegiko jaialdi batean izan ziren, baina Anjel Larrañagaren Andonik ezin izan zuen jaialdira joan, min hartuta zegoelako. Hori horrela, Agurtzane Elustondo Anjel Larrañagarekin aritu zen Ezkerretegiko jaialdian. Orduan egin zuen «debuta» Larrañagak trikiti munduan.

Arrate eta Loiola irratietan grabazio batzuk egin ondoren, Tomas Soraluze Epelde trikitilari azkoitiarrarekin hasi zen duela hogei urte inguru. Martirieta auzoko soinu jotzaileak eta Larrañagak hiru disko kaleratu zituzten. Ondoren, Xabier Alberdi Zabale batu zitzaien taldera eta bi urte inguru elkarrekin aritu ziren. Kupela taldean aritu da orduz geroztik Larrañaga. Azken zatian, berriz, orain arte argitaratutako bederatzi diskoen bertsoak eta letrak jaso dituzte

Argitalpena salgai

Liburua eta berekin batera datorren diskoa salgai daude jada. Ohiko liburu dendetan, Tirikitrauki musika dendan, Azpeitiko Meola tabernan, Aristerrazun (Aia) eta Markiñako Zubiondo tabernan dago salgai Anjel Larrañagari buruzko liburua, 22 euroan. Bestalde, jakinarazi dute Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean Oholtzan saioa grabatuko duela Euskal Telebistak azaroaren 3an, 22:30ean. Azken diskoko doinuak eskainiko dituzte eszenatokian, besteak beste. Azaroaren 24ean eskainiko ditu Euskal Telebistak Azpeitian hartutako irudiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide