Floreagako irisgarritasuna hobetzeko dauden alternatibak aurkeztu dituzte

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 25a, 15:29
Argazkian, Udaleko ordezkariak eta Floreagako bizilagunak.

Floreaga auzoko irisgarritasun arazoei konponbidea jartzeko Udalak egin duen alternatiben azterlana aurkeztu zaie gaur goizean auzoko bizilagunen ordezkariei.

 

Hilabete batzuetako lanaren ostean, LKS enpresak Udalaren eskuetan jarri du Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden alternatiben azterlana. Dokumentuak aukera ezberdinak jasotzen ditu bereizitako bost fasetan exekutatzeko. Bost esku hartzeak batuta, proiektuan lau igogailu eta hainbat pasabide, arrapala eta zebra bide berri eraikitzea proposatzen da, irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko. "Horrek denboraren eta kostuen plangintza zorrotza" egitea ere eskatzen duela gaineratu dute.

Javier Zubizarreta alkateak, LKS enpresako teknikaria bidelagun duela, gaur aurkeztu die alternatiben azterlana Floreaga auzoko bizilagunen ordezkariei. Bizilagunek bileratik "pozik" atera direla adierazi dute. Udalak azaldu du "emandakoa urrats garrantzitsua" dela, baina "ia bi milioi euroko proiektua" dela. Hori horrela, "Udalak argi du aurrera eramateko modu bakarra faseka garatzea dela, behetik gorantz soluzioak jarriz Aretxabaleta kaleraino iritsi arte", azaldu du. 

Lehenengo faseak "irisgarritasun arazoa konponduko luke" Floreaga eta Zuazola artean; bigarrenak, Zuazola eta Floreagaberri artean; hirugarrenak Zuazola kalean dauden eskaileren ordez arranpak jartzea aurreikusten du; laugarren faseak Udalak lehendik zuen igogailu proiektua berreskuratzen du "baliagarria dela ikusita" eta azken eta bosgarren faseak Izarraitz eta Aretxabaleta arteko irisgarritasuna hobetuko luke. 

"Nahi genuena da -esan du alkateak- azterlan sakona egitea eta ez adabaki bat jartzea. Orain lanak nola exekutatu ikusi behar dugu. Abiadura apala izango du, baina aurrera joango da".

Bizilagunen ordezkari batek alkateari galdetu dio 2019ko aurrekontu orokorretan ze partida jarriko den Floreagako irisgarritasuna hobetzeko. Alkateak esan dio galdera horren erantzuna azaro amaieran izango duela oraindik kontuen proposamenik ez duelako esku artean. Hala ere, alkateak gaineratu dio lehenengo faseko lanen proiektua lantzeko partida jartzea nahiko lukeela. Izan ere, fase bakoitza garatu aurretik, dagokion exekuzio proiektu propioa lantzea beharrezkoa da. 

"Kontutan hartu behar da, esaterako, eskailera mekanikoak ez direla pertsona guztientzat irisgarriak, eta ondorioz, ez dira baliagarriak", gaineratu dute Udaleko ordezkariek.

Alternatiben aurkezpen publikoa, Elkargunean

"Neurri handiko proiektua" da eta material bisualik gabe ulertzeko "nahikoa konplexua". Horregatik, Udalak alternatiben azterlanaren aurkezpen publikoa egingo du azaroaren 20an, 19:00etan, Elkargunean Floreagako bizilagunei eta interesa duten herritarrei zuzenduta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide