«Gaur ezer ez da sedimentatzen»

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 23a, 11:01
Xabier Gantzarain.
'Zuloa' argitaratu du Xabier Gantzarainek, Euskal Herriaren historia hurbilari artearen bitartez hari pertsonal bat emanez. Oteizaren eta Txillidaren garaitik aurrera ere artista garaikideek garaiko galderei heldu dietela erakusteko saioa egin du. Irakurri BERRIAk egindako elkarrizketa:

 

Historia hurbilari begiratzeko enkargua jaso zuen Xabier Gantzarainek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) Tene Mujika beka lortzean, 2012an. Azterketa artetik egitea zen bere proposamena, eta hala egin du Zuloa saiakeran, Euskal Herriko artista garaikideen 23 artelan amu gisa hartuta. Baina memoria zulo bat da, ahanztura zulo bat da, eta zera galdetzen du: «Zure historia hain bada ezina ikusten, zer esan besteaz, herri batenaz, jende batenaz?» Edo: «Oroitu al gaitezke ahaztu ez dugunaz?».

Horiek aurrean, 23 artelanen kronika pertsonal bana harilkatu du. Arte teorietatik urrun, «ikuslearen esperientziatik» idatzi du, eta hainbat belaunalditako lanak bildu, Amable Ariasekin hasi, Itziar Okarizekin segitu, eta Miriam Isasirenganaino, besteak beste. «Denek aukera eman didate Euskal Herriko historia hurbilaz, nire inguruaz, gure garaiaz hitz egiteko».

Nola hasten da Zuloa?

Madrilen hasten da. Masterrean Ibon Aranberri elkarrizketatu nuenean. Bera eta niretzat garrantzitsuak ziren Euskal Herriko beste artista batzuk mundu mailako artistak ziren ordurako, baina konturatu nintzen hemen inor gutxik ezagutzen zituela, artearen inguruan ez bazen. Idazleen artean aipatzen nituenean ere ez zituzten ezagutzen. Hor ikusi nuen nolabaiteko zulo bat, garai batean ikusten ez zena. Hori, bat-batean, juntatu zen ETAren behin betiko su-etenaren iragarpenean Gara-k atera zuen azalarekin eta kontrazalarekin.

Zumetaren Gernika lana erabili zuten une hori irudikatzeko.

Hor dena elkartu zen. Liburuan kendu egin dut, baina azala ikustean pentsatu nuen aukera ona zela Ibon Aranberriren Nova era jartzeko: metalezko txapa bat da, eta zulatuta dago, bala zuloak, ikurrin bat marraztuz. Noski, Zumeta zerbaitengatik aukeratzen da.

Aranberriren Zuloa eraman duzu azalera, izenburura. Zure ustez, Oteiza hiltzen du Aranberrik lan horretan, haitzulo bat metalezko xafla batekin ixtean. Oteiza hil, bizirik iraunarazteko?

Hori da ideia. Belaunaldi honentzat, eta aurrekoarentzat, Oteiza oso garrantzitsua izan da. Txomin Badiolak esan zuen: «Guk sortzen ditugu gure arbasoak». Aranberrik aurreko tradizio hori eten egiten du keinu biolento eta sinboliko oso indartsuarekin, eta, aldi berean, jarraipena ematen dio. Tradizio batetik aldendu, eta, era berean, hor txertatu. Geruza askoko lan bat da: haitzulo bat ixteak eta gizakiari sarrera debekatzeak lotura dauka horrek sinbolizatzen duen guztia ixtearekin.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen BERRIAn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide