Azkoitia Eguna ari dira ospatzen herritarrak Herrixen Elkartearen eskutik

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 20a, 12:55

Herrixen Azkoitiko Dendaixen Elkarteak antolatuta, Azkoitia Eguna ari dira ospatzen azkoitiarrak. Herriko merkataritza bultzatzeko eta sendotzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu Herrixen Elkarteak. Egun guztian zehar txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan zehar. Trikitilariek kaleak girotu dituzte, eta Herrixen tonbolan eta elkarteak jarritako postuan lagun asko ibili da goizean zehar.

Arratsaldean pintxo lehiaketa eta umeentzako ekintzak

Arratsaldean, berriz, haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak eta jolasak egingo dituzte. Txikienentzat puzgarriak Balda plazan jarriko dituzte. Gaztetxoentzako jolasak, berriz, herriko plazan egingo dituzte.  Futbolin erraldoia, diana edota penaltiak jaurtitzeko gunea jarriko du Herrixen Elkarteak, plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria egiten badu Berdura Plazan jarriko dituzte Balda Plazan jarri beharreko puzgarriak.

Halaber,  III. Zakelmari Pintxo Lehiaketa ere jokatuko da herriko tabernarien artean. Piper berdea osagai nagusitzat hartuta, Tta-kun, Latz, Zurt, Koxka, Orbela, Errexil eta Etxe-Aitz tabernek hartuko dute parte lehiaketan. Epaimahaia 18:30ean hasiko da pintxoak epaitzen, eta sari banaketa 20:00-20:30 aldea izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide