Jendetza elkartu da Elosuako ganadu feriaren 40. urteurrenean

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 12a, 13:58

Gaur, urriak 12, XL. Elosua Mendiko Ganadu Feria egin dute Elosua auzoan. Iaz bezala aurten ere eguraldi ederrak lagundu du eguna, eta jendetza bertaratu da goiz osoan zehar. Auzoan jarritako artisau postuetan erosketak egin ditu hainbatek. Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolarien bertso saioa entzun eta 'Laja II.'-a eta 'Lutxurdio' trikitilariekin erromerian dantzatzeko hautua ere egin dute bertaratutakoek. Auzoko eta inguruko ganadua ikustera jende asko hurbildu da. Txikienek puzgarrietan jolastu dute eta zaldi gainean paseoa ere egin dute auzoa gertutik ezagutzeko. Aurten ere, bigarren urtez, auzoko ikatzarekin erretako Elosuako txahala dastatzeko aukera ere izan da.

 

Arratsaldean jarraituko du festak

Bazkalondoren, 16:00etan, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolarien saioa izango da. 17:30ean, berriz, kintopeko zaldi proba egingo dute. 900 kiloko Ixaun harriarekin ordu erdiko lana egingo dute Aulestiako Ibekohondo etxeko eta Markina-Xemeingo Agarre etxeko zaldiek. Ondoren, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilarien erromeria egingo dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide