Azkoitiko trikitilariek eta pandero jotzaileek parte hartuko dute IV. Trikigiro jaialdian

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 12a, 12:04
Argazkia: Bizkargi musika eskola

Urriaren 19an Azpeitian elkartuko dira Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak, IV. Trikigiro jaialdiaren baitan. Trikigiro elkartea 2015ean hasi zen jaialdia antolatzen, trikitiaren inguruko transmisioari bultzada emateko asmoz.

 

Hau da aurtengo jaialdirako prestatu duten egitaraua:

19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartuko dira eskualdeko trikitilariak, eta musikari gaztetxoenek saioa eskainiko dute ordu horretan. Ondoren, 20:00etan, kalejira egingo dute guztiek Azpeitiko kaleetan barrena, eta herria zeharkatu ondoren, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean afalduko dute. Afarira joan nahi dutenek, aurrez egin behar dute erreserba Sanagustin kulturgunera joanda edo 943-10 52 20 telefono zenbakira deituta. Afalostean, 23:00etan, erromeria egingo dute, eta honako trikitilari hauek parte hartuko dute saioan:

  • Beñat Landa, Eneko Arbeo, Attola gaztea eta Imanol Antxitte.
  • Jone Uria eta Julene Otegi.
  • Maria, Naiara, Eneritz eta Landaberri.
  • Martittetarrak.
  • Naiara Mantzizidor, Oleaga ahizpak eta Jurgi Ituarte.
  • Lurdes Alkorta, Eider Tolosa eta Lierni Tolosa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide