Pinua eta Gipuzkoako Aldundiaren baso-politika

Pinua eta Gipuzkoako Aldundiaren baso-politika
Pinuak gorrituta. (Argazkia: barren.eus)

Naturkon Gipuzkoako naturaren kontserbazioa lantzen duen elkarteak ondorengo mezua igorri du, Gipuzkoako basoetako pinudien «hondamendia» oinarritzat hartuz, baso-kudeaketaren gaiaz.

 

Gipuzkoako (eta oro har Euskal Herriko eremu atlantiarreko) pinudiek bizi duten hondamendia dela eta, baso-kudeaketaren gaiak gaurkotasuna hartu du. Tentuz irakurtzekoak dira administrazioen eta ikerketa zentroen azalpenak, baina bereziki, Baskegur Euskadiko Egurraren Elkartearen jarduna da idatzi honen bidez eztabaidatu nahi duguna. Egurgintzaren sektoreko profesionalek Pinus radiata espezieak bizi duen baso-osasun egoerari irtenbidea ematea eskatzen dute, behar duen legez, baina horretarako erabiltzen dituzten argudioak ez dira onargarriak gure ustetan.

Lehenik eta behin, pinuaren aldeko defentsa egiten dute azken mendeetan soildutako mendiak birpopulatzeko balio izan duelako. Abiapuntua eztabaidagarria bada ere, gaur daukaguna ikusita ezin da ukatu kudeaketa-eredu txarra izan dela hori. Hasteko, esan behar da birpopulazio horrek ez duela basoen leheneratzearen alde mesederik egin. Kontrara, matarrasen, pisten neurrigabeko irekieraren, airez zabaldutako kutsadura kimikoaren, eta bestelako teknika agresiboen bidez, bistakoa da nonahi eragindako kaltea, behar bezalako segimendurik eta kontrolik egin ez bada ere. Europan aspaldi baztertutako teknikak baliatu dira gurea bezalako orografia konplexuan. Administrazioari dagokio lege eta araudi bidez horrelako erasoak ekiditea, eta gutxien gutxienez malda handiko eremuetan horrelako teknikak debekatzea. Aldundian aurreko legealdian bideratu zen kontu hau, baina PNV-EAJk gobernua hartzearekin bat, bertan behera gelditu dira aldaketa haiek.

Bestalde, Baskegurrek bi proposamen egiten ditu egoerari buelta emateko: onddo-izurrite hauei aurre egiteko omen dauden tratamenduak baliatu eta klima aldaketak gure basoetan duen eragina ikertuz, espezie alternatiboak aztertzea. Baso-bioekonomiaz, ekonomia zirkularraz eta iraunkortasunaz ari zaizkigu, baina horretara bideratutako proposamen bakar bat ere zehaztu gabe. Hori bai, inolako lotsarik gabe honetan guztian enpresek, administrazioak eta gizarteak parte hartu behar dutela esaten dute, natur kontserbazioaren aldeko gizarte eragileen parte-hartzearen kontra historikoki hain oldarkor aritu ondoren. Gizartearen parte-hartze ezaren ardura, hala ere, ez da Baskegurrena, Aldundiarena baizik. Aurreko legealdian  Bioaniztasunaren mahaia sortzea lortu genuen guk, Naturkonek, baina bilera bat bera deitzeko ez ziren gai izan, eta noski EAJk parte-hartzeko tresna hura baztertu egin du.

Baskegurrek ez du gaur eguneko baso-politika kuestionatzen. Ez du iraunkortasunera bideratutako kudeaketa-eredurik lehenesten, besteak beste horrek ingurumen kalteak onartzea suposatuko lukeelako eta ez dago horrelakorik euren diskurtsoan. Oso bestela, nahasmena eta ezezagutza areagotzeko diskurtsoa baliatzen dute. Etengabe basoak eta basoen berreskurapena aipatzen dute monokultiboen zuhaitz landaketez ari direnean. Euskadin hostozabalen eta koniferoen artean oreka mantentzen dugula esatea intentzio txarrarekin esandako gezurra da. Ondo baino hobeto dakite Arabako hostozabalek orekatzen dutela Gipuzkoa eta Bizkaiako koniferoen landaketen hegemonia. Non dago oreka Deba bailaran? Urola garaian? Oria garaian? Oreka balego, eztabaida hau ez legoke plaza publikoan. Oso ondo bereizten dituzte basoak eta landaketak, baina diskurtsoaren nahasmen hori baliatzen dute euren jardunaren ingurumen eraginak ezkutatzeko. Ez da zilegi .

Zilegi ez den bezala baso-kudeaketak suteak saihesten dituela esaten dutenek pinudiak eukaliptoengatik ordezkatzearen alde egitea, edota klima aldaketaren eraginez ari direnak lurzoruaren galera edota higadura aintzat ez hartzea. Politikoki zuzena den diskurtsoa baliatzen dute Aldundiaren eskumenekoak diren baso-politikak monokultiboetan oinarritutako kudeaketa-eredu intentsiboak lehenetsi dezan, beti ere sektorearen kontrolpean, interesdun bakarrak balira bezala.

Ez baitute entzun nahi egungo natur-baliabideen hankazgoratzea gizarte osoaren kaltetan doala eta basogintzaren oreka aurkitzeko orain arteko baso-politika errotik aldatu behar dela. Naturkonek oso argi esan du gizarteak «lur-jabeen eta sektoreko balio-kateko gainerako kideen ekarpenak aintzatetsi behar dituela», baina horrek eztabaida publikoa eskatzen du; besteak beste, lurjabeek basoen berreskurapenerako egin beharreko ahaleginak denon mesederako direlako eta ezin duelako zertan interesdun horien kaltetan izan.

Krisialdi hau hondamendi hutsean gera ez dadin, okerrak zuzentzen hasteko parada bailitzan hartu beharko genuke. Horregatik eskatzen diogu Gipuzkoako Aldundiari aldatzeko behingoz bere jarduna. Naturkon-ek aurkeztu zuen aldaketarako proposamena eta sortuta daude horretarako baliagarri izan daitezkeen tresnak.  Aldundiaren borondatea baino ez da falta.