Parrokia eta organoa ezagutzeko aukera Ezkutuko Altxorren bisita gidatuan

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 9a, 12:04
Datorren zapatuan, urriak 13, Ezkutuko Altxorrak egitarauaren barruko bisita gidatua izango da. Andre Mariaren Jasokundeko parroki eliza eta Organo Erromantikoaren XIX. Zikloa hartuko ditu baitan bisitaldiak. 18:00etan hasiko du doako bisita gidatua Juan Bautista mendizabalek, parrokia aurrean. 

 

Urrezko euskal mendea bezela ezagutzen den XVI. mendeko eraikina da Azkoitiko parrokia, estilo gotikoaren erakuslea. Bisitaldian zehar aro horretako istorioak kontatuko ditu Juan Bautista Mendizabalek, garaiko pertsonaia esanguratsuei loturiko historiak eta San Inaziok jatorria zuen loiolatarren ingurukoak.

Pertsonaia eta historia guztiek elizak gordetzen dituen hainbat altxorretan dute islada, hala nola, kaperak, erretaulak, arte lanak... Bisita amaitzeko, CavailleColl etxeko organoa entzuteko eta gozatzeko aukera izango da. Organo Erromantikoaren XIX. Zikloari dagokion kontzertua emango dute Ana Belen Garcia organistak, Eskola Gurutzeagako eta Donostiako Musika Eskolako abesbatzak, Igor Arostegi perkusionistak, Lourdes Moratinos ahots etnikoak, Lucia Gomez mezzosopranoak eta Jose Javier Echeverria zuzendariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide