XLV. Kontzejupeko Pilota Txapelketan parte hartzeko izen ematea, zabalik

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 9a, 09:21

Datorren igandean, urriak 14, itxiko da XLV. Kontzejupeko Pilota Txapelketan parte hartzeko izen emate epea. Benjaminen, kimuen, haurren, kadeteen, gazteen eta nagusien mailako neska-mutilen txapelketak jokatuko dituzte aurtengo edizioan. Finalak sanandres egunean jokatuko dira.

 

Pilota partida guztiak Kontzejupean jokatuko dira, pilota goxoarekin. Mutiletan, benjaminek —8 eta 9 urtekoak—, kimuek —10 eta 11 urtekoak— eta haurrek —12 eta 13 urtekoak— eskuz binaka jokatuko dute txapelketa. Aldiz, kadeteek, gazteek —14 eta 18 urtekoak— eta nagusiek —2000. urtetik aurrera jaiotakoak— eskuz banaka jokatuko dute txapelketa. Nesketan, izen ematearen arabera erabakiko dute modalitatea antolatzaileek.

Benjamin eta kimu mailako mutilek astelehenetan jokatuko dituzte partidak, mutilen mailako haurren partidak eta nesken mailako partidak, berriz, astearteetan eta ostegunetan izango dira. Azaldu dutenez, beharrezkoa bada asteburuetan ere jokatuko dituzte neurketak. Jakinarazi dute partidarik ez dela atzeratuko pisuzko arrazoirik tartean ez bada.

Izen ematea

Izen ematea 667 503 918 Whatsapp telefono zenbakian edota Gurea pilotalekuan egin beharko da datorren igandea, urriak 14, baino lehen. Izen ematea Whatsapp bidez egiten duenak, bikotearen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko ditu mezuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide