Ostiralean egingo dute Elosuako XL. Ganadu Feria

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 8a, 11:25
Elosuako ganadu feriak 40. urteurrena du aurten.

Datorren ostiralean, hilak 12, ganadu feria ospatuko da Elosuan. Elur Txiki Elkarteak antolatu du aurten ere feria, Azkoitiko eta Bergarako udalen laguntzarekin. 40. edizio honetan ere, udalak Elosuara joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarriko du.

 

09:00etan hasiko da ganadu feria. Goizean zehar artisauen eta bertako produktuen azoka izango da. Horiez gain, berrikuntza bezala, Elosuko ikatzarekin erretako Elosuko txahala dastatzeko aukera izango da. 11:00etatik 14:00etara, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte. Ondoren, 12:30ean, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariak igoko dira frontoiko oholtzara. Bertsolarien saioa bukatzean, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek hartuko diete lekukoa bertsolariei.

Bazkalondoren, 16:00etan, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolarien saioa izango da. 17:30ean, kintopeko zaldi proba egingo dute. 900 kiloko Ixaun harriarekin ordu erdiko lana egingo dute Aulestiako Ibekohondo etxeko eta Markina-Xemeingo Agarre etxeko zaldiek. Ondoren, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilarien erromeria egingo dute.

Autobus zerbitzua

Azkoitiko Udalak Elosura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarriko du beste urte batez. Goizeko 09:00etatik 20:30ak arte etenik gabe arituko dira bi autobus Azkoitia eta Elosua arteko bidea egiten. Autobus horiek Julio Urkixo kaleko geltokian —Eroski txikiaren parean— egingo dute geldialdia.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide