Azkoitia Eguna antolatu du Herrixen elkarteak

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 5a, 10:16

Orain arte Herrixen Eguna izenarekin ezagutu den jaia Azkoitia Eguna izenarekin dator aurten. Herrixen Azkoitiko Dendaixen Elkarteak antolatuta, urriaren 19an eta 20an egingo dute festa, herriko merkataritza bultatzeko eta sendotzeko asmoz.

 

Ostiralean, Herrixen Tonbolaren irekiera egingo dute Torre Zuri erakustokian. 18:00etatik 21:00etara egongo da irekita tonbola. Zapatuan izango dira ekintza nagusiak, ordea. Txu-txu trenak herriko kaleak zeharkatuko ditu egun osoan zehar; tonbola 11:30etik 14:30era egongo da irekita. Goizean zehar, gainera, txorizo eta sagardo dastaketa egiteko aukera egongo da, Kontzejupean, trikitilariek lagunduta.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak eta jolasak egingo dituzte. Txikienentzat puzgarriak Balda plazan jarriko dituzte. Gaztetxoentzako jolasak, berriz, herriko plazan egingo dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria egiten badu Berdura Plazan jarriko dituzte puzgarriak.

Zakelmari pintxo lehiaketa ere jokatuko da herriko tabernarien artean. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Azken urteetako «parte hartzaile kopurua errepikatzea» espero dutela azaldu dute antolatzaileek

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide