Intsausti Jauregian elkartu da Euro School Net 2000 sarea

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 4a, 10:07
Udaleko eta Euro School Net 2000 sareko ordezkariak.

Euro School Net 2000 sare europarraren urteko batzarraren anfitrioia izan da Azkoitia BHI. Europako hamar ikastetxe baino gehiagotako hogeita hamar irakasletik gora bildu dira gaur, osteguna, Intsausti Jauregian. Partekatzen dituzten proiektuak jorratzeko eta euren esperientziak eta ezagutza trukatzeko egin dute batzarra. Javier Zubizarreta alkateak egin die harrera Hezkuntza zinegotzi Marijose Arregikin batera.

 

«Hizkuntzak —esan die alkateak— dakizkiten gazteak nahi ditugu, irekiak, munduan zehar ibiltzeko arazorik ez dutenak, ekintzaileak. Eta horretarako, zuek bultzatzen dituzuen elkartrukeak oinarri-oinarrizkoak dira». Bere hitzetan, «teknologiaren aurrerapenari esker mundua txikitu egin da. Gero eta txikiagoa eta konplexuagoa da. Ez dugu distantziaren noziorik eta ikasleen, langileen eta herritarren mugikortasunak testuinguruak goitik behera aldatu ditu urte gutxitan».

1998a geroztik Azkoitia BHIko —lehen Urola Ikastola Azpeitia-Azkoitia BHI— 800 neska-mutil inguru izan dira Europako herrialderen batean egonaldi bat egiten. Hain justu, Euro School Net sarea Bruselan 2000. urtean jaio zen ikasleei eta irakasleei ateak zabaltzeko eta elkartruke proiektuen bidez Europan ikasteko aukerak ahalbidetzeko. «Gure arteko lankidetza estutuz eta heziketa internazionala eskainiz gero eta gehiago europar hiritar sentituko diren gazteei», azaldu du Zubizarreta alkateak.

Urteko batzar orokorra tarteko, hirugarrenez etorri dira Azkoitira Euro School Net sareko ordezkariak. Azkeneko aldian 2015ean Italia, Ingalaterra, Herbehereak, Alemania, Polonia, Estonia, Finlandia edota Espainiako 17 zentrotako ordezkariak bildu ziren. Urola BHIkin batera, sarera atxikita dago HUEZI-Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. 

Euro School Net 2000 sarea ordezkatuz mahaian eseri den ordezkariak sarea Azkoitian hartzeagatik «eskerrak» eman dizkio Zubizarreta alkateari. Hirugarrenez etorri dira Azkoitira. «Benetan ongi etorriak sentitzen gara, eta oso ondo azaldu duzue Euro School Net 2000 zer den eta bere lana edo bidea zein den», adierazi du sarearen mahaikideak. «Garrantzitsua da Europarentzat zer egiten dugun, Europak guri zer ematen digun eta ikasleei zer adierazten diegun jakitea», gehitu du ordezkariak, azkenik.

Alkateak harrera ekitaldia amaitu bezain pronto, Poloniako eta Aguilar del Campo herriko (Palentzia, Espainia) ikastetxeetako ordezkariak hurbildu zaizkio, eta opari bana jaso du euren eskuetatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide