Unai Izagirre: «Euskal kulturaren transmisiorako borondate eta meritu ikaragarria dute argentinarrek»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 3a, 09:32

Unai Izagirre Etxeberria (Azkoitia, 1995) Argentinako Necochea hirian izan da, Euskal Etxearen Hator Hona programan parte hartzeko. Trikitiari, esku pilotari, bertsolaritzari eta oro har euskal kulturari lotutako hainbat saio eman ditu Izagirrek. Azaldu du esperientzia «aberasgarria» izan dela eta berriz ere euskal diasporaren parte izatea gustatuko litzaiokeela.

 

Nolatan izan duzu Hator Hona programan parte hartzeko aukera?

Hator Hona proiektua urtero antolatzen da 2004tik. Udaberri aldera izena emateko epea irekitzen dute urtero. Izena ematean, formulario bat bete behar zenuen haien webgunean, eta bizitzan zehar euskal kulturaren inguruan zer egin duzun azaldu. Maiatz aldera, hautatuetako bat izan nintzela esan zidaten.

Zergatik aukeratu zenuen Argentina?

Programa berberarekin Argentinara joan zen lagun bat ezagutzen nuen. Hari entzundakoa gustatu zitzaidan, eta horregatik eman nuen izena. Gainera, gure urruneko familiarteko batzuk ere, gure birramonaren anaia bat baino gehiago, Argentinara joandakoak dira, eta horrek esperientzia kuriosoago egiten zuen.

Gustuko al duzu bidaiatzea?

Bai, atsegin dut. Turismoaren esentzia baino gehiago gustatzen zait bertako kultura ezagutzea eta bertako jendearekin esperientzia partekatzea. Italian bost hilabetez egondakoa naiz, Irlandan beste lau hilabete egin nituen, eta, orain, Argentina bisitatu dut 50 bat egunean.

Ordu libreetan zer egiten zenuen?

Necochean, hiru astean bertako herritarrekin lasai egoteko aprobetxatu genuen: parkeetara joaten ginen matea hartzera, eta pilotan eta palatan ere jokatzen genuen. Bertakoekin hizketan eta, lagunartea egiten genuen. Beste hiru-lau astean Argentinan zehar bidaiatzen ibili ginen: iparra eta hegoa bisitatu genituen, bazter batzuk ikusi genituen, eta, turista bezala ibilita ere, gozatu ederra hartu genuen.

Ikasleei zer eta zenbateraino erakustea zen zure asmoa?

Trikiti, pandero, esku pilota eta bertsolaritzako eskolak eman ditut. Nire helburua eta proiektuaren benetako asmoa bertako herritarrei euskal kulturaren gaineko nolabaiteko interesa edo kuriositatea piztea zen; euskal tresnekin edo kulturako zatiekin bertako herritarrek gozatzea. Lortu dugulakoan nago, han gustura ibili baitziren.

Zerbait ikasi al duzu zeuk?

Ikasi dut zeinen zaila den eta zer-nolako meritua duten euskal kultura horrela mantentzeko. Askotan, Azkoitia bezalako lekuetan bizita, ez gara konturatzen jendeak zenbaterainoko lana egiten duen euskaldun izateko. Tuteran, adibidez, zaila baldin bada euskaldun izatea, pentsa Argentinan. Borondate handiko jendearekin egin dut topo. Bere sustraien alde lan handia egin duen jendea dago Argentinan, eta lan handia egiten ari dira oraindik. Transmisiorako borondate eta ahalmen ikaragarria dute. Miresgarria iruditzen zait lau belaunaldi pasatu ondoren haien birbilobek oraindik euskaraz egitea eta Euskal Herriari horrenbesteko maitasuna izatea.

Nongo eta zein adinetako ikasleak izan dituzu?

Denetariko ikasleak izan ditut. Hamabi bat urtekoetatik hasi eta erretiratutako jendea izan dut; benetan trikitia probatzeko kapritxoa zutenak, nola funtzionatzen duen jakiteko edo kantu errazak ikasteko prest zeudenak izan ditut. Zaharrei irakastea polita izan da, kuriosoa oso.

Irakasle lanetan, zer izan da zailena? Eta errazena?

Pazientzia aldetik nazkatu liteke bat beti kantu berberekin bueltaka ibiltzeaz. Ez da zaila izan; klaseak oro har errazak izan dira, eta ikasleek sekulako borondatea eta gogoa jarri dute.

Errepikatzeko aukerarik izango al duzu etorkizunean? Gustatuko al litzaizuke?

Ez dakit aukerarik izango dudan, baina probatuko nuke. Oso aberasgarria izan da esperientzia, eta gustatuko litzaidake berriz ere euskal diasporaren parte izatea.

Behin Argentinan soinua erakutsita, etxean ere hasiko al zinateke irakasten?

Profesionalki ez nintzateke hasiko. Euskal kulturarekin egin ditudan lanak —esku pilota, bertsoa eta soinua— zaletasunez egin izan ditut. Klase bat edo beste emateko aukerari ez diot ezetzik emango, baina hortik lanbidetzat hartzea urruti samar ikusten dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide