Gorka Alberdi: «Errekak eta ibaiak munduaren zainak dira eta zaindu egin behar ditugu»

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 1a, 09:21
Gorka Alberdi.

Goizean goiz, aitaren etxetik irten eta ibaira begiratzen duenean, zabor poltsak eta plastiko poltsak ikusten ditu Gorka Alberdi Gomezek (Azkoitia, 1975). Hori ikusita «ezer egin gabe» ezin dela gelditu esan du azkoitiarrak. Aspalditik zuen barruan hazia, eta urteekin hazi hori loratu zaiola uste du. Azken hilabeteetan ibaietan eta erreketan jasotako hondakinekin argazki bilduma egin du.

Nolatan hasi zinen ibaietako eta erreketako hondakinak jasotzen? Zerk eraman zintuen horretara

Kontzientziak eraman ninduen. Garbi nuen itsasoan ikusten dugun kalteak gure herriko ibaiekin eta errekekin zuela zerikusia. Uretan, alde batean zein bestean, egunero hondakinak ikusten dira eta zabor poltsak ere hor daude. Euria egin eta gero ibaiak arrastaka eramaten ditu zabor horiek itsasora; urak “garbitzaile” lana egiten digu. Hori ikusita zerbait egin beharrean nengoen, geldirik egonda ez nengoen lasai; errudun sentipena nuen. Arazoak ez du ikasteko eta egoera iraultzeko aukerarik ematen ezkutuan gelditzen denean. Nire lana izan da herriari aukera hori ematea, erakustea. Urola ibaiak azken hiru hilabeteetan ur gutxi izan du, eta ibaira iristen diren zaborrak bertan gelditu dira. Aukera izan dut behera jaisteko eta zabor guztiekin argazki bilduma bat egiteko. 

Datu horien aurrean zer nolako balorazioa egiten duzu?

Heziketa beharrezkoa da, baina hori ez da egun batetik bestera lortuko. Bitartean beharrezkoa da aurreikuspenak egitea, bestela gureak diren hondakinek itsasoan bukatzen dute. Heziketaren barruan oinarrizkoa litzateke barneratzea hondakinek bere lekua dutela, Udalak egitura oso bat zabalduta duela herri osoan horrelakorik ez gertatzeko. Ontziak eta edukiontziak ditugu eskuragai guztiok, eta horretarako daude jarrita, hondakinak ondo kudeatuak izateko eta gure ingurumena ez erasotzeko.

Eskoletako umeei Agenda 21en bitartez lagundu egin behar diegu. Egin ezin dena da, eskoletan gauza bat erakutsi eta gero kalean aurkakoa ikusi. Udalak eskoletan heziketa sendotuz ekarpen polita egin dezake; abagune ederra du horretarako. Arazoa kokatuta daukagu, non hasten den ere bai. Eman dezagun urrats bat aurrera.

Udalari eskaera formal bat egin diozu. Zer da eskatzen diozuna?

Ibaiak islatzen du gure ingurumenarekin arazoa bat daukagula eta horrek ekintza eta jarrera politikoa eskatzen du. Ez dut zalantzarik egiten udalbatzako lau alderdiek ulertuko dutela. Alderdi politikoak adostasun batera iristea garrantzitsua litzateke, horrek indar handia emango baitu herritarren aurrean. Kiloka plastikok gure ibaietan bukatzea eta jendeak zabor poltsak euren etxeko leihoetatik botatzea ez da inolako txantxa.

Udalak du ibaia garbitzeko eskumena, baina esango nioke ez tematzeko garbiketarekin, horrek heziketari aukera kenduko baitio. Konturatu behar gara, arazo handi baten aurrean gaudela. Ibai ertzetako baranden azpian sarea ipintzeak asko lagunduko du plastikoak eta zaborrak uretan ez bukatzeko. Sarea jarri eta gero heziketa ez badugu egiten, ordea, ematen ari garen mezua honakoa da: «sarearekin dana konpontzen dugu». Herriko leku batzuetan sarritan ikusten da zaborra zelaietan zabalduta, eta ausartuko naiz esaten zuzenean uretara ere botatzen direla. Ezin dugu onartu horrelako jarrerarik. Horrek heziketa eta neurri batzuk abian jartzea eskatzen du. Udalak mezu garbia helarazi behar du; gure naturaren eta herriaren gehiengo baten eskubideak ari gara urratzen. Horrez gain, Udalak etxe bakoitzera argazkiak bidali beharko lituzke bere egitasmoa eta herritarren kontzientzia lortzeko.

Erreken eta ibaien inguruko kontzientziazioa beharrezkoa al da? Zergatik?

Ibaiak eta errekak gorputz bat dira, gure gorputzak bezala. Hor bizitza dago, eta euren eskubideak dituzte. Europak argi esaten du arazo bat dagoela, eta saihestu egin behar dugula. Errekak eta ibaiak munduaren zainak dira eta zaindu egin behar ditugu. Gure zainetan pozoia sartzen badugu, akabo. Ibaira zaborra botatzen badugu, berdin. Zaborrak itsasoan bukatzen duenean guri ez digu min egiten, baina zaborra bota eta hurrengo egunean buruko mina eragingo baligu, ziurrenik hurrengo aldian ez genuke botako. Itsasoa munduaren oreka da, eta aldaketa beldurgarria izango da ondorengoentza ez badugu ezer egiten.

Zein da transmititu behar den mezua?

Ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da. Eremu naturalak dira entziklopediarik onenak eta horiei esker gozatzen dugu. Gu hona iritsi ginenean eremu naturalak hor zeuden eta gu joaten garenean hor geldituko dira. Munduan gonbidatuta gaude eta zer nolako zentzua du egiten ari garenak? Gauden bitartean eskertu beharrean gaude. Gaia hobeto ulertzeko, ar.euskalerria@gmail.com bidez nirekin harremanetan jartzeko eskatzen diet herritarrei.

 

Ikusi irudietan Gorka Alberdik ibaietan eta erreketan aurkitu duen zabor guztia:

Erlazionatuak

Kaletik ibaira eta errekara

Maxixatzen.eus 2018 aza 01 Azkoitia

Leihotik ibaira

Maxixatzen.eus 2018 aza 01 Azkoitia

Urola ibaitik jasotako hondakinak

Maxixatzen.eus 2018 aza 01 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide