Zapatuan emango zaio hasiera XIX. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloari

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 2a, 17:16

Azkoitiko parrokian, XIX. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa irekiko dute Donostiako Kontserbatorioko irakasle eta Santa Maria Basilikako organista Loreto Aramendik eta Arv-Vocem abesbatzak. Abesbatza hori Donostiako Orfeoiaren zuzendari den Jose Antonio Sainzek zuzentzen du. Hitzordua urriaren 6an izango da parrokian, 20:00etan.

 

Guztira Azkoitian hiru kontzertu eskainiko dira. Beste biak urriaren 13an eta 20an izango dira toki eta ordu berean.

Hilaren 13an, Ana Belen García organista andoaindarra izango da Azkoitian, hau ere Donostiako Koruko Santa Maria Basilikako órgano-jolea da. José  Javier Echeverríaren zuzendaritzapean, eszenatokia partekatuko du Lucía Gómez mezzosopranoarekin, Igor Arostegi perkusionistarekin eta ahots etnikoaz arduratuko den Maria Lourdes Moratinosekin. Donostiako Eskola-Gurutzeaga abesbatzak eta Donostiako Musika Eskolako abesbatzak ere parte hartuko dute.

Azken kontzertua Giulia Biagetti turkiarrak eskainiko du Azkoitiko parrokian. Italiako Lucca hiriko katedraleko organista titularra da Biagetti.

Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran izango da aurten ere XIX. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa. Ekimenaren koordinatzaile den Esteban Elizondok gaur Azpeitian aurkeztu du egitaraua eta bidelagun izan ditu Jose Luis Franzesena eta Itziar Urbieta organistak eta hiru udalerrietako ordezkariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide