Floreagako espaloiak berrituko dira, irisgarritasun baldintzak hobetzeko

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 28a, 09:55

Udalak Floreaga auzoko Izarraitz kaleko espaloien berritze lanak esleitu ditu. Esku hartzearen helburu nagusia irisgarritasun baldintzak hobetzea da, egungo araudia betez.

 

Lanen esleipenduna Egurki S.L. enpresa da eta obrak 233.983,76 euro (BEZ barne) kostako zaizkio Udalari. Lanak hilabeteren buruan hasiko dira gutxi gorabehera, eta behin hasita, bost hilabeteko iraupena izango dute aurreikusitakoaren arabera.

Aldi berean, Udala Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko LKS enpresari eskatutako alternatiben azterketa jaso zain dago, auzoa irisgarriagoa egiteko ze esku hartze izan daitekeen aproposena ikusteko.

Ekimen horiei aurreko beste batzuk gehitu behar zaizkie, ez baita denbora asko Udalak Floreagako bolatokia eta bertako hiri-altzariak berritu zituela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide