Euskararen erabilerak %7,6 egin du gora Azkoitiko kaleetan

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 28a, 13:05
Marijose Arregi zinegotzia, Belen Uranga teknikaria eta Marijose Zubia.

Euskararen erabileraren inguruko kale inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte, gaur goizean, Udaleko batzar aretoan. 2014. urtean egin zen kaleko euskararen erabileraren azken neurketa, eta lau urteren ondoren 7,6 puntu egin du gora kalean euskararen erabilerak.

 

Marijose Arregi euskara zinegotzia, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikaria eta Euskara Mahaiko Marijose Zubia izan dira gaurko aurkezpenean. Azkoitiko neurketa maiatzean egin zuten, hiru astetan zehar. Aste bakoitzean asteazken eta ostegun arratsaldeko bi ordu eta zapatu goizeko bi ordu eta arratsaldeko beste bi baliatu zituzten neurtzaileek euskararen kaleko erabilera ezagutzeko.

Azkoitian kaleko elkarrizketetan entzun dutena neurtu dute, hau da, ez dute inkesta bezala inolako galderarik egin euskararen erabilera neurtzeko. Modu erabat anonimoan bikoteka atera dira neurtzaileak kalera. «Emaitza ezin da esan Azkoitiko euskararen neurketa denik, baizik eta Azkoitiko kalean entzuten den hizkuntzarena. Bertako herritarrak ez badaude ere, garrantzitsua da kanpotarrek egiten duten hizkuntza zein den jakitea», nabarmendu du Uranga teknikariak.

Soziolinguistika Klusterreko teknikariak jakitera eman duenez, «ohikoa baino lagin handiagoa» lortu dute Azkoitiko neurketan. «Nolabaiteko ziurtasuna eman dute datuek. Azkoitian neurtutako elkarrizketak 4.089 izan ziren; elkarrizketa horietan 11.000 lagun inguru zenbatu dira. Azkoitiak 11.000 biztanle inguru dituela jakinda, ikerketa oso sendoa da eta estatistikoki akats tarte txikia du», jakinarazi du teknikariak.

Neurketa egiteko hiru neurgailu hartu dituzte kontuan: hizkuntza —euskara, gaztelania edo beste hizkuntzak—, adina —0-14 urte, 14-24 urte, 25-64 urte eta 65 urtetik aurrera— eta sexua —gizona ala emakumea—.

Euskararen presentzia gora

Azkoitiko kaleetan maiatzean neurtu diren 4.089 elkarrizketen %68,9 euskaraz egindakoa da. Gaztelaniaz %26,5ak egin du. Gainerako %4,6ak, berriz, beste hizkuntza batean hitz egin du. 2014an egin zen euskararen kaleko azken neurketa Azkoitian. Aurten egin dute berriz, eta %7,6ko igoera izan du kaleko euskararen erabilerak. «Beste udalerri batzuetan baino altuagoa da zenbatekoa, esanguratsua da», azaldu du Belen Uranga Soziolinguista Klusterreko teknikariak. «Estatistikoki garrantzitsua da igoera. Kontuan hartzekoa da eta sendotasun handikoa», gehitu du Urangak. 

Sexuaren arabera, bestalde, emakumezkoek —%70,2— gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoen aldean —%67,4—. Urangak adierazi duenez, «oso ohikoa» da joera hori. Adinaren arabera, aldiz, gazteek egiten dute gehien kalean euskaraz —%84,7—. Haurrek jarraitzen diote zenbateko horri —%77,6—, ondoren helduek —%63,4—.  Azkenik, kalean euskaraz gutxien hitz egiten dutenak adinekoak dira—%61—. «Berezia da gazteak izatea euskaraz gehien egiten dutenak. Oso albiste ona da gazteak horren aktiboak izatea», azpimarratu du Urangak. «Horrelako zonalde euskaldunetan, oro har, haurrak izaten dira euskaraz gehien egiten dutenak, behetik gora doazelako eta haurrak direlako euskalduntzen ari direnak», nabarmendu du teknikariak. Askotan haurretatik gazteetara egiten den jauzian «beherakada» egoten dela azaldu du Urangak. Azkoitian bestelakoa gertatu da maiatzeko neurketan. «Oso pozgarria egiten zaigu gazteek euskarari horrela eustea», gehitu du.

Haurren presentziak eragina

Gazteengan eta helduengan haurren presentziak duen eragina «garrantzitsua» dela eman du jakitera Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. «Fenomeno orokorra da haurrak aurrean daudenean helduek euskaraz hitz egitea», esan du Urangak. Haurrak bakarrik daudenean %84,4ak euskaraz hitz egiten du. Aldiz, beste adin taldeen elkarrizketetan haurrik ez dagoenean, euskararen erabilerak behera egiten du —%64,9—. Haurrak beste adin tarte batekoekin nahasten direnean, bestalde, euskararen erabilera %71 da.

Ehunekoa desberdina da elkarrizketan hiztuna haurra edo beste adin talde batekoa denean. Haurra bada hitz egiten ari dena, %73,4ak euskaraz egiten du. Hiztuna beste adin taldeko bat denean, aldiz, %66,2 da euskaraz aritzen dena.

Balorazioa «positiboa»

Belen Uranga teknikariak eta Udalak balorazioa «positiboa» egin dute.«Urola Kostan gaude, oso zonalde euskalduna da bailara. Euskara bizi-bizi dagoenaren sentsazioa dugu. Euskararen ikuspegitik oso albiste onak dira. Nahiko genuke udalerri guztietan horrelako emaitzak bagenitu», esan du, azkenik, Urangak.

Marijose Arregi Udaleko euskara zinegotziak esan du «berri ona» dela. «Ahalegin horretan jarraituko dugu eta modu positibo batean jarraituko dugu lanean», adierazi du zinegotziak. «Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet. Emaitza denon ahaleginaren ondorioa da», adierazi du, bukatzeko Arregik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide