Udalbatzako kideen soldata igoera «gogor» salatu du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 26a, 19:48

Gaur arratsaldeko Udal Batzan Udal langile eta udalbatzako kideen soldata igotzea erabaki da, eta Azkoitiko EH Bilduk «gogor» salatu du udalbatzako kideen igoera hori.

 

Gai zerrendako puntu horri emendakina aurkeztu dio EH Bilduk, udalbatzako kideen soldata igoera testutik kentzeko eskatuz. Hala ere, ez da eskaera hori onartu EAJren aukako botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Azkenean, alderdi guztien aldeko botoekin onartuta gelditu da 2018ko ordainsari igoeraren eskaera hori. EH Bilduk «baiezko kritikoa» eman du, langileen soldata igoeraren alde dagoelako, baina ez udalbatzako kideen soldata igoeraren alde.

Koalizioa kritiko azaldu da EAJko alkate eta zinegotziek 60.000-70.000 euro inguruko soldatak dituztelako. Onartu berri den eskaerarekin, soldata horiei %1,5 eta %1,75eko igoera aplikatu izana salatu dute, eta azpimarratu dute modu horretan 4.000 euro gehiago kostako dela udalbatzako kideen soldata aurrerantzean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide