Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko, azken ostiraletako ekimen berri bat abiatuko dute

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 26a, 10:45

Irailean azken ostiraletako dinamika berri bati ekingo zaio, Kalerak antolatuta. Ostiral honetan, irailak 28, euskal preso eta iheslari politikoak etxean nahi dituztela aldarrikatuko dute. Plazan elkartuko dira, 19:00etan. Jarraian, Kalerak idatzitako gutuna:

 

«Dagoeneko inork ezin du ukatu konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako garaia dela. Joan den maiatzean bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera berria, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratu, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez.

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Norabide horretan sakondu behar dugu: izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 269 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona horiek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako eta Europako legedien aurka doazenak, eta presoa ezik senideak, bereziki haurrak eta adin nagusikoak zigortzen dituztenak.

Adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela badakigu, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu honetan, egungo espetxe politika aldatzea ezinbestekoa jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada eta konpromisoa.

Lau lehentasun hauek dira, bereziki, lehenbailehen konpondu beharrekoak:

1- Urruntzearekin amaitzea.

2- Larriki gaixo dauden presoak kaleratzea.

3- Bi estatuetako zigorren batuketa egitea, Europako legediak dioen bezala.

4- Lehen graduaren aldaketa, izan ere, euskal presoek zigor osoa betetzen dute lehen graduan, legearen aurka.

Espetxe politika hori iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunari begira jartzeko garaia dela uste dugu. Ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea da, batu ezin izan garenok batzeko unea. ORAIN preso eta iheslarien auzia konpontzeko unea da.

Azkoitian zorionez, ez dugu preso politikorik Frantziako edo Espainiako espetxeetan. Baina badira bi herritar arrazoi politikoengatik ihes egin zutenak eta oraindik erbestean jarraitzen dutenak. Kinttela eta Txetxu dira. Denak etxean, gure artean, elkarrekin bizitzen izan arte, lanean jarraituko dugu, eta horretara gonbidatzen zaituztegu.

Irailak 28ko azken ostiralean ikusiko garelakoan agurtzen zaituztegu.

Bada garaia, Euskal Preso eta Iheslari politikoak ETXERA!»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide