Azkoitiko emakume fisioterapeuta batek lanean izandako erasoa salatu du

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 25a, 13:02

Sara Waliño Jurado fisioterapeuta azkoitiarrak lan egiten duen zentroan jasan duen erasoaren berri eman du sare sozialetan. Gutun bidez azaldu du, lanean ari zen bitartean, gizonezko bat bera ukitzen saiatu zela behin baino gehiagotan, besteak beste. Joan den ostiraleko gertaeraren berri eman du honako gutun honetan:

 

«Hiru egunetan zer eta nola idatzi ondo pentsatu eta gero, joan den ostiralean gertatu zitzaidana kontatzera ausartu naiz.

Fisioterapeuta naiz, eta Azkoitiko zentro pribatu batean egiten dut lan. Aurreko astean, gizon bat etorri zitzaidan masajea hartzeko txanda eskatzera. Gizonak ez zuen erdaraz oso ondo egiten, baina azaldu zidanez ordu erdiko masajea hartu nahi zuen tentsioa kentzeko. Nik ematea nahi zuen masajea. Ostiralerako eman nion ordua.

Masaje gelara sartu zenean, niregana asko hurbiltzen hasi zen, baina ni eskuohea prestatzen hasi nintzen eta urrundu egin nintzen. Saioak nola funtzionatzen zuen azaldu eta gero, guztiz biluzi zen eta nire parean jarri zen. Ez naiz isilik egotekoa, batere ez, gainera; baina ez dakit beldurragatik edo egoera oso surrealista zelako, baina ez nuen erreakzionatzen jakin. Gizona gora begira etzan zen, eta nik azkar estali nuen mantarekin. Berak, ordea, estalkia beheratzen zuen, dena erakutsi nahian. Nik, berriz, bere lekuan jartzen nion. Sabela tratatzen hasi nintzen eta berak estalkia jaisten jarraitzen zuen, mina beherago zuela esanez. Nik jaramonik egiten ez nionez, ni ukitzeko saiakerak egin zituen. Lehenengo eskuari heltzen saiatu zen, behin eta berriz, baina nik saihestu egiten nuen. Gero, izterretik heltzen saiatu zen.

Ondoren, bere erdara eskasarekin kontatzen hasi zen Bartzelonan masajista batengana joaten zela. Esan zidan jakin beharko nukeela zer gertatzen den neska gazte batek gizonezko bat ukitzen duenean. Bartzelonako saioa nola amaitzen zen ez zidala azalduko esan zidan. Esan nion gure zentroan mota horretako zerbitzuak ez ditugula eskaintzen, baina berak manta beheratzen jarraitzen zuen.

Masaje gelatik irteten nuen bitartean, janzteko esan nion. Negarrez hasi nintzen zentrotik alde egin zuenean. Nire lan bizitzako ordu erdirik luzeena eta txarrena pasatu nuela uste dut. Bera artatzen nuen bitartean zikina, ahula eta txikia sentitzen nintzen; ez nintzen erreakzionatzeko gai izan

Horrelako momentuetan ohartzen gara sexu erasoren bat egon dela entzuten denean zeinen erraz esaten dugun guk egoerari aurre egingo geniola. Egoeraren aurrean zaudenean, baina, blokeoa sentitu dezakezu, erreakzionatzeko gai ere ez izateraino. Eta hori nire egoera ez dagoela beste egoera askorekin inondik inora alderatzerik ere.

Halere, nik orain nire buruari galdetzen diot. Zergatik jarraitu behar dugun emakumeok XXI. mendean horrelako egoerak pairatzen? Zergatik bizi behar dugu egoera hori berriz emango denaren beldurrarekin? Zergatik ezin dugu gure lana paseoa, festa edo etxerako buelta lasai egin?

Asko pentsatu eta gero hori guztia publikatzea eta elkarbanatzea erabaki dut. Isilik geldituta ez dugulako ezer lortzen, munduak geroz eta kontzienteagoa izan beharko lukeelako, emakumeon errealitatea hauxe delako».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide