Pako Sudupek Telesforo Monzoni buruzko liburua aurkeztu du Bilgunean

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 21a, 19:25
Argazkian, Oihana Sudupe eta Pako Sudupe.

Pako Sudupe idazleak (Azkoitia, 1959) Telesforo Monzon politikari zenaren biografia idatzi du, eta gaur arratsaldean dozenaka lagunen aurrean aurkeztu du liburua, EH Bilduren bilgunean.

 

Euskal filologoa da Sudupe, eta Euskal Ikasketetan doktorea ere bada. Bizitza osoa euskararen inguruan dabil lanean, eta egun euskara teknikaria da Pasaiako Udalean. Kaleratu berri duen liburua ez da aurrenekoa, izan ere, aurrez euskal kulturan izen handikoak diren bi pertsonaia ere aztertu ditu Sudupek: besteak beste, Txillardegiren edota Nemesio Etxanizen biografiak idatzi ditu. Azkena kaleratu duena Telesforo Monzon aristokrata abertzalea; EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala izenburupean, 300 orrialdetik gorako liburua da.

Hau da liburuaren sinopsia:

«Telesforo Monzonen biografia mamitsu bezain interesgarria idatzi du Pako Sudupek. Autoreak ez du inola ere hagiografia bat egin nahi izan; aitzitik, kritiko aritu da, zorrotz, sarri orain arte argitaratu gabeko dokumentuak erabilita gainera. Eta ariketa horrek berretsi du Telesforo Monzon gizon handia izan zela, euskal abertzaletasunak eta, oro har, Euskal Herriko politikak XX. mendean izan duten bilakaera ulertzeko pertsona ezinbestekoetako bat. Liburu honek Monzonen jatorri aristokratikoa, EAJrekiko lerrokatze goiztiarra eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuetan jokatu zuen rola, gerra garaian, zein erbestean, jorratzen du. Ondoren, 50garren hamarkadan alderditik urrundu eta 60garrenean ETAko errefuxiatuekin bat egin zuen garaia lantzen du, harik eta, Franco hil ondoren, Herri Batasunako buruzagi karismatiko bihurtu zen arte. Pako Sudupek idatzitako biografiak, Telesforo Mozonen ibilbidea eta haren garaia ezagutzeko ez ezik, gauden lekura nola iritsi garen ulertzen ere laguntzen du».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide