Herri osoko instalazio elektrikoak berritzen ari da Udala

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 21a, 12:48

Udala herri osoko instalazio elektrikoak berritzen ari da. Udalak azaldu duenez, «lurreko kutxatilak altxatu, aztertu, ehunka metro kable konpondu edo berritu eta koadro elektrikoak aldatzea eskatzen du lanak bakoitzaren hondatze mailaren arabera».

 

Lan horiek burutzearen helburuak zein diren ere eman du jakitera Udalak. «Segurtasuna bermatzea, diferentzialaren akatsak eta elektrizitate ihesak saihestea». Horrez gain, azpiegitura osoa «prest» izan nahi dute hurrengo faserako, kaleetako argiak aldatzeko eta hobeto argiztatzeko modua egiten denerako. Oraingoz, esku-hartzea instalazioetara mugatuko da. «Erabat beharrezkoa zen, egoera txarrean baitzeuden», gehitu dute. «Urte askotan ez dira instalazioak ukitu, horrek eragiten duen arriskuarekin. Ezkutuko lan asko zegoen egiteko eta horretan ari gara», dio obra zuzendaria den Joseba Garmendiak.

Uztailetik hona langileek hamaika gunetan jardun dute lanean. Gune horietako bakoitzari koadro elektriko bat dagokio eta sei konpondu dira; gainerako bostak berri bategatik aldatu dituzte. «Koadroa aldatu beharrean dagoela ikusten badugu, aldatu egiten dugu. Gauza bera kableekin. Aldiz, aprobetxagarria aprobetxatzen ahalegintzen gara».

Azkoitian guztira 47 koadro elektriko daude eta guztietan egingo dira lanak. Garmendiaren arabera, aurreikusitako lanen heren bat exekutatu da jada eta azaroaren erdi alderako lan guztiak bukatuta izatea espero dute. Besteak beste, lanak egin dituzten Ugarte eta Bazterretxe industrialdeetan, Altzibar eta Jausoro auzoetan, Bizenta Mogel kalean edota Trenbidearen Zumardian. Orain Julio Urkixon eta Ibai Ondon ari dira lanean eta ondoren Bizkargin, Santa Klaran, Floreagan edo San Martin ariko dira. Azken puntu horretan hasita daude lanak, baina ez dituzte oraindik egitekoak amaitu. Bukatzeko Plaza Berri, Plaza nagusia eta Iriarte Margolaria kale inguruak geratuko dira.

«Plaza Berrik aparteko aipamena merezi du», jakinarazi dute Udaletik. «Udalaren asmoa kalea berritzea da. Momentuz, behin behineko alternatiba bat landuko da, lurra bi aldiz altxa beharrik ez izateko», azaldu dute. Jakitera eman dutenez, Plaza Berriko esku-hartzea etorkizuneko proiektuaren arabera geratuko da.

Europako diru laguntzaren zain

Udalak 404.845 euro bideratu ditu obra hauetara. Udalak Europari diru laguntza eskatu dio eta oraintxe bertan erantzunaren zain dago. Auzoetako eta kaleetako argiak aldatzea eta hobeto argiztatzea da eskaeraren arrazoia. «Momentuz, Ugarte industrialdea da toki bakarra hobeto argiztatu duguna; benetako beharra zegoela ikusi genuen. Ugarten 83 argi aldatu ditugu eta sekulako aldea dago lehen zuten argiztapenaren eta oraingoaren artean. Baina herriko beste tokietan lehenengo premia instalazioak berritzea da». Azkoitian, gaur egun, 3.251 argi daude, 524 kWko potentzia dutenak. Hau da, 150 etxek kontratatuta dutenaren pareko potentzia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide