Sammic enpresa bisitatu dute aldundiko ordezkariek, gastronomia 4.0 industria gehiago ezagutzeko

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 20a, 17:22
Azkoitiko Sammic enpresa ostalaritzako makina ekoizlea da.

Azkoitiko Sammic enpresa bisitatu dute aldundiko ordezkariek, gastronomia 4.0 industriaren testuinguruan egiten ari diren lana ezagutzeko. Industria gastronomikoa digitalizazioaren arloan egiten ari den ibilbidea txalotu du Markel Olanok.

 

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Ainhoa Aizpuru, Sammic enpresa bisitatzen izan dira.

«Gastronomiaz ari garenean askotan sukaldaritzaz aritzen gara soilik, baina txalotzekoa da Gipuzkoan alor honen inguruan dugun industria eta Sammic bezalako enpresek egiten duten lana», azpimarratu du diputatu nagusiak. Markel Olano eta Ainhoa Aizpururekin batera izan dira Enrique Fleischmann, Sammic-eko chef korporatiboa eta Sammic-eko zuzendaritzako kideak.

Gaur egun Gipuzkoa mundu mailako erreferentea da gastronomiaren esparruan. «Gure lurraldeak gastronomian dituen tradizioa, talentua eta jakintza nabarmenak dira eta dudarik ez dago modu batean edo bestean gipuzkoarron nortasunaren parte dela», gogoratu du Olanok. Tradizioa etorkizunarekin uztartzen da Gipuzkoako gastronomian eta horren isla da sektorean garatzen ari den berrikuntza eta teknologia aurreratua.

Gastronomiaren alorrean, sukaldaritzaz gain, industria baliotsua eta lehiakorra dagoela gogorarazi du Olanok, «sukaldarien lana modu handi batean posible egiten duen industria lehiakorra dugu Gipuzkoan. Sammic bezalako enpresak lurraldean izateak gastronomiaren alorraren etorkizunaren berme dira, berrikuntzan oinarrituta ari direlako aurrera egiten».

Hain zuzen ere, Azkoitiko Sammic enpresa ostalaritzako makina ekoizlea da, eta mota desberdineko sukaldeko etxetresnak zein sukalde-prototipoak diseinatzen ditu. 1961ean hasi zen Sammic patatak zuritzeko gailuak ekoizten, eta, egun, 2.000 produktu baino gehiagorekin, mundu mailako erreferentea da sukaldaritza industrian. Hasieretatik berrikuntza izan du ardatz enpresa gipuzkoarrak, eta horretarako «punta puntako teknologiekin» dihardute lanean. Esatez, orain, berrikuntza eta teknologia uztartzen dituzten bi proiektu berritzailetan daude murgilduta.

Alde batetik, ontzi-garbigailuen eskaintza berritzeko proiektua dute eskuartean.  Industria ekipoetan 3M€ko inbertsioak burutu ditu proiektu hau gauzatzeko. Proiektu honen erronkak zehatzak dira: ontzigarbigailu industrialen fakturazioa %50 haztea, zuzeneko 15 lanpostu berri sortzea eta, gero eta zorrotzagoa den testuinguru globalean, Sammic-en leihakortasuna hobetzea.

Bestetik, berriz, «4.0 sukaldea» ari da prestatzen Sammic. Hain zuzen ere, gaur egun, merkatuan existitzen ez den sukaldaritza sistema bat merkaturatzeko bidean da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide