Azkoitiko sokamuturraren 500. urteurrena ospatuko dute hurrengo asteburuan

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 20a, 11:09
Sonia Vazquez, Iban Arregi, Jose OƱederra, Jose Manuel Gimenez eta Juan Bautista Mendizabal, zezenak gordetzen ziren udaletxeko atearen aurrean.

Azkoitiko sokamuturraren 500. urteurrena dela-eta antolatutako zezen asteburua aurkezteko bildu dira gaur goizean Juan Bautista Mendizabal historialaria, Azkoitiko Zezenzaleak elkarteko Iban Arregi eta Jose Manuel Gimenez, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia eta Jose Oñederra Zelai Luze ganadutegiko kidea. Urteurrena ospatzeko, erakusketa, zezen karretoia, musika, sokamuturra eta entzierroa izango dira herrian hurrengo asteburuan.

 

Azkoitiko sokamuturra lehen aldiz egin zela 500 urte bete dira aurten. Hori dela-eta, herriko hainbat zezenzalek zezen asteburua antolatu dute irailaren 28, 29 eta 30erako.

Juan Bautista Mendizabal historialariak Azkoitian zezenarekin egiten ziren jolasen berri eman du, eta zezenei buruzko lehen dokumentazioa 1518. urteko inauterietakoa dela argitu du. Azaldu duenez, era askotara antolatzen zuten zezenen inguruko jaia: zezenak plazara aterata, sokamuturrean, zekorketa bidez edota korridetan. 1614. urteko andramaixetan, aurrenekoetan, zezenketak antolatu zituzten, plazaren erdian panpinak jarrita.

XIX. mendean, herrian zezenetarako afizio handia zegoela gaineratu du Mendizabalek: «Herriko plazan egiten ziren lehenengo zezenketak, eta elizako jarlekuak ekartzen zituzten jendea eseritzeko. Gerora, Anaitasuna futbol taldearen zelaian, Txalon Errekan eta Gurea pilotalekuan ere antolatu ohi zituzten. Ekartzen zituzten zezen gehienak Izarraitzekoak izaten ziren. Eta herriko toreroen artean Florezito eta Kele nabarmentzen dira liburuetan». 

1890. urtean Azkoitiko Udalak zezen plaza egitea erabaki zuen. Ordea, Foru Aldundiak dirurik ez zegoela esan omen zion Udalari, eta, azkenean, bertan behera gelditu zen. Pixkanaka, pilotarako afizioa indarra hartzen hasi zen herrian, eta pilota partidak antolatzen hasi ziren festetan. Horrela, zezenak poliki-poliki gutxitzen joan ziren.

 

Egitaraua, egunez egun

Irailaren 28an, ostirala hasiko dute asteburua. 18:00etan, Torre Zurin, zezenen inguruko erakusketaren inaugurazioa egingo dute.

Irailaren 29an, zapatuan, erakusketaren ateak irekiko dituzte 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, umeentzako zezen karretoia kaleratuko dute, Herriko Plazan. 12:30ean, berriz, Udal Musika Bandak pasodobleen kontzertua eskainiko du Kontzejupean, eta jarraian, triki poteoa izango da herriko kaleetan zehar. 14:00etan, zezenzaleen bazkaria egingo dute Plaza Ondo Jubilatuen Elkartean. Izen emate epea irailaren 25ean itxiko dute, eta 688 869 510 telefono zenbakira deitu beharko da. 17:00etan, zezenen sokamuturra izango da Plaza Berritik irten eta Balda Plazara. Horrez gain, Zelai Luze ganadutegiko bigantxak eta zekorrak ekarriko dituzte. Balda Plazan hesiak jarriko dituzte ikusleen segurtasuna bermatzeko.

Igandean, irailak 30, erakusketaren ateak zabalduko dituzte. 12:00etan zezen karretoia izango da herriko kaleetan zehar txikienentzat. 17:00etan, batez ere umeei bideratutako entzierro txikia izango da txahalekin Plaza Berritik Balda Plazara; ondoren, sueltoan arituko dira. Zezen asteburua amaitzeko, zezen karretoia eta zozketa egingo dituzte.

Produktuz betetako karretilla bat zozkatuko dute antolatzaileek

Zelai Luzeko ganadutegiaren zezenak ekarriko dituzte zezen astebururako. Zezen txikiak eta handiak, baina denak 350 kilo baino gutxiago pisatzen dutenak, arautegiak eskatzen duen bezala. Betizu arrazakoak ekarriko dituzte zezen gehienak, larrean ibiltzen direnak. Izarraitz mendiaren bueltan dauden herri guztietan oraindik ere zezenen zaletasuna dagoela azaldu du Oñederrak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide